Mundua -
EPAIKETA FRANTZIAN
Fiskaltzak 20 urteko kartzela eskatu du Dominique Pelicotentzat
Avignongo auzitegian epaitzen ari diren gertaeren larritasuna nabarmendu du Ministerio Publikoak, urteetan berak eta beste gizon batzuek bortxa zezaten konortea galtzeraino Gisele Pelicot emaztea drogatu izana leporatzen baitiote.
AGENTZIAK | EITB Media
Frantziako Fiskaltzak 20 urteko kartzela eskatu du Dominique Pelicotentzat, Gisele Pelicot bere emaztea zena konorterik gabe zegola bortxatzeagatik eta beste gizon batzuek ere bortxa zezaten drogatzeagatik.
Hamaika aste iraun duen epaiketaren ostean, kasuko bi fiskalak gaur hasi dira akusatu nagusiak eta gainerako 50 auzipetuek bete beharreko kartzela zigor eskariak azaltzen.
Bortxaketa delituagatik Frantzian ezar daitekeen zigorrik handiena eskatu du Laura Chabaud fiskalak, Avignongo auzitegian epaitzen ari diren gertaeren larritasuna nabarmendu ostean.
"Hogei urte asko eta gutxi dira, aldi berean. Gutxiegi behin eta berriz errepikatutako delituen larritasuna aintzat hartuta, Chabauden arabera.
Fiskaltzak akusatu nagusiaren aurkako zigor eskaria berretsi du, beraz, bortxaketa, bortxaketa saiakera eta borondatea deuseztatzeko drogak emateagatik. Leporatzen dizkioten delituak onartu ditu epaiketan zehar Dominique Pelicotek. Sexu erasoen milaka argazki eta bideo atera zituen eta horiek ezinbesteko froga izan dira akusatuen aulkian eseri diren 51 pertsonen aurka karguak sostengatzeko.
François Mayet fiskalak, bere aldetik, azpimarratu du emakumeak ez zuela baimenik eman ez sexu erasoen aurretik eta ezta ondoren ere.
Bestalde, sexu erasoen larritasuna agerian uzten duten 20.000 argazki eta bideo inguru daudela nabarmendu du Ministerio Publikoak.