Mundua -

Hauteskundeak

Fronte Zabalak boterea berreskuratu du Uruguain, Yamandu Orsiren garaipenarekin

Garaipen estua eskuratu du Alderdi Nazionala alderdi ofizialistaren Alvaro Delgado hautagaiaren gainetik. Hegoamerikako ezkerzaleek ospatu egin dute emaitza.

Herritarrak Fronte Zabalaren garaipena ospatzen, Montevideon. Argazkia: EFE
Herritarrak Fronte Zabalaren garaipena ospatzen, Montevideon. Argazkia: EFE
Herritarrak Fronte Zabalaren garaipena ospatzen, Montevideon. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yamandu Orsi Fronte Nazionaleko hautagaia izango da Uruguaiko presidente, hauteskundeetan Alvaro Delgado Alderdi Nazionala ofizialistaren presidentegaiari 90.000 botogatik aurrea hartuta, Hauteskunde Batzordeak jakinarazi duenez, botoen % 98 zenbatuta.

Orsik eta Carolina Cossek osatutako bikoarekin, Fronte Zabalak 1.179.454 boto jaso ditu, eta, ofizialistek, 1.086.758.

Hori horrela, Fronte Zabalak urriaren 27ko hauteskundeetako lehenengo itzulian baino 107.628 boto gehiago bereganatu ditu.

Luis Lacalle Pou Uruguaiko egungo presidenteak eta bere sokako hautagaiak, Alvaro Delgadok, Orsi zoriondu dute emaitzen berri izan dutenean.

Ondoren, presidente hautatuak hitza hartu du militanteen aurrean, eta hitzeman du "hazkunde nazionalaren" presidente izango dela, eta "gizarte integratuagoa" eraikiko duela.

Latinoamerikako ezkerzaleak, ospatzen

Latinoamerikako buruzagi ezkertiarren zorion mezuak jaso ditu Yamandu Orsi Uruguaiko presidente hautatuak, Fronte Zabalaren itzulerarekin ezkerrak boterea berreskuratu duela eta.

"Uruguaiarrak zoriondu nahi ditut hauteskunde demokratikoak eta baketsuak egiteagatik, eta, bereziki, Yamandu Orsi, Fronte Zabala eta nire lagun Pepe Mujica gaurko garaipenagatik", adierazi du Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidenteak.

Mexikotik, Claudia Sheinbaumek Carolina Cosse presidenteordea ere zoriondu du, eta gogo onez jaso du uruguaiarrek "berriro joera demokratikoa eta aurrerakoia" erakutsi izana.

Luis Arce Boliviako presidenteak azpimarratu du Uruguaik "inklusioaren eta justizia sozialaren alde" egin duela, "hazkundea bermatzeko".

Bestalde, Gabriel Boric Txileko presidenteak iragarri du Orsirekin hitz egin duela telefonoz, eta "anaia gisa, justizian eta batasunean elkarrekin aurrera egitea" proposatu diola.

Nicolas Maduro Venezuelako presidentea ere ez da atzean geratu, eta uruguaiarrak zoriontzeaz gain, agintaldi "arrakastatsua" opa dio Orsiri.

Euskal Herritik, Arnaldo Otegi EH Bilduren buruzagiak babesa helarazi dio irabazleari, eta poza agertu du Fronte Zabalaren garaipenagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Uruguai