Mundua -

Ukraina-Errusia gerra

Ukrainak Erresuma Batuko Storm Shadow misilak erabili ditu lehen aldiz Errusiaren aurka

Misil baten hondakinak aurkitu dituzte Kursken, Ukrainarekin muga egiten duen Errusiako eskualdean. Storm Shadow misilen jaurtiketa, Moskuk bere lurraldearen kontra irismen luzeko misil amerikarrak jaurti dituztela ziurtatu eta hurrengo egunean gertatu da.

Storm Shadow irismen luzeko misil baten prestaketa lanak. Irudia: EITB
Storm Shadow irismen luzeko misil baten prestaketa lanak. Irudia: EITB
Storm Shadow irismen luzeko misil baten prestaketa lanak. Irudia: EITB

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainak lehen aldiz erabili ditu Erresuma Batuak emandako Storm Shadow irismen luzeko misilak, Londresko hedabideek jakitera eman dutenez.

Misil baten hondakinak aurkitu dituzte Kursken, Ukrainarekin muga egiten duen Errusiako eskualdean, kanal militar batek Telegramen argitaratu duenez, Financial Times egunkariaren arabera.

Storm Shadow misilen jaurtiketa, Moskuk irismen luzeko misil amerikarrak bere lurraldearen aurka jaurti dituztela ziurtatu eta biharamunean gertatu da.

EFE albiste-agentzia Erresuma Batuko Defentsa Ministerioko bozeramaile batekin harremanetan jarri da, baina hark ez du albistea baieztatu, ezta gezurtatu ere: "Une honetan, ez dugu adierazpenik egingo, baina berriak daudenean jakinaraziko ditugu".

Era berean, Downing Streetek (Erresuma Batuko lehen ministroaren bulegoa) ere ez du adierazpen ofizialik egin, eta, bere ohiko politikaren ildotik, uko egin dio Kievi Errusian irismen luzeko misilak erabiltzea baimentzeari buruzko politikan aldaketarik egiteari.

Erantzun gisa, Vladimir Putin Errusiako presidenteak asteartean onartu zuen doktrina berri bat, Errusiaren eta Bielorrusiaren subiranotasuna mehatxatzen duten eraso konbentzionalei armamentu nuklearrarekin erantzutea ahalbidetzen duena. Ameriketako Estatu Batuek eta Espainiak behin-behinean Kieveko enbaxadak ixtea erabaki dute, Errusiak asteazken honetan Ukrainako hiriburuaren aurkako aire eraso handi bat egin dezakeen beldur.

Rio de Janeiroko G20ko goi-bileratik kanpo, Ukrainak Storm Shadows misilak eta Frantziako Scalp misil baliokideak erabiltzea eztabaidatu zuten mendebaldeko funtzionarioen arteko elkarrizketa informaletan, elkarrizketetan parte hartu duten iturriek Financial Times egunkariari adierazi diotenez.

Bestalde, Joe Biden AEBko presidenteak baimendu egin du Ukrainari pertsonen aurkako lurreko minak bidaltzea, Administrazio estatubatuarreko funtzionarioek AEBko eta Erresuma Batuko hainbat hedabideri (tartean, The Washington Post eta BBC telebista britainiarra) jakinarazi dietenez.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra