Mundua -
Indarkeria matxista
Dominique Pelicot, azken deklarazioan: "Sekula ez nuen halakorik egin behar. Txakurren moduan hilko naiz"
Avignongo Krimen Auzitegian egindako azken deklarazioan, akusatua Gisèle Pelicot emazte ohiari eta alabari zuzendu zaie, eta barkamena eskatu die, beste behin.
EITB MEDIA
"Sekula ez nuen halakorik egin behar. Txakurren moduan hilko naiz". Hitzok erabili ditu epaiketako bere azken deklarazioan Dominique Pelicotek, 10 urtean emaztea drogatu eta beste hainbat gizonekin batera etengabe sexu erasoak egitea egozten dioten gizonak.
Malko artean amaitu du Pelicotek bere azken deklarazioa Parisko Auzitegi Kriminalean. Gisèle Pelicot emazte ohiari eta Caroline Darian alabari zuzendu zaio, eta egindako min guztiaren aurrean barkamena eskatu die, nahiz eta onartu duen ez dela nahikoa izango. "Bera da nire barrenean gordetzen dudanaren parte", adierazi du Dominiquek, 50 urtean emaztea izan denari erreferentzia eginez.
Akusatuak esan du geratzen zaion "itxaropen bakarra" dela frogatzea alaba ez zuela drogatu ezta bortxatu ere egin, neskatoaren amari egin zion moduan. Darian alaba ziur dago bera ere drogatu zuela aitak, ondoren, gehiegikeriaz jokatzeko: Izan ere, Poliziak Pelicoti atzeman zizkion artxiboen artean alabaren argazki batzuk topatu zituzten, biluzik, eta, itxuraz, lo.
Epaiketa honetako akusatu nagusiak, Dominique Pelicotek, onartu du "sexu mendekotasuna" duela, eta gaineratu du bakarrik hilko dela, argudiatuz, bere abokatuaz gain, ez duela beste inork babesten. Era berean, adierazi du ez zela kontziente zenbaterainoko mina eragin zezakeen bere ekintzekin.
Pelicotentzat 20 urteko kartzela zigorra eskatzen dute, orduan emaztea zuena drogatu eta beste dozenaka gizonekin batera bortxatzeagatik. Erasook 2011 eta 2020 urte artean gertatu ziren. Dominique Pelicotekin batera, 50 auzipetu daude irailaren 2an hasi zen makroepaiketa honetan, eta orain azken txanpari ekingo dio.
Gisele Pelicotek, berriz, aurre egin zien atzo bere erasotzaileei azken deklarazioan, eta "koldarkeriaren epaiketa" dela esan zuen. Nabarmendu zuenez, "bada garaia bortxaketei garrantzia kentzen dien gizarte patriarkal honek begiak zabaldu eta begirada alda dezan". Kalkulatu du, ia 10 urteko epean, gizonak 200 bat sexu eraso egin zizkiola.