Mundua -

UKRAINAKO GERRA

AEBk eta Espainiak Kieven dituzten enbaxadak itxi dituzte, Errusiaren aire eraso handi baten beldur

Asteazken honetan (azaroak 20) Ukrainako hiriburuan aire eraso handi bat gertatuko dela ohartarazi dute Ameriketako Estatu Batuek.

Kieveko metroa da aire erasoetatik babesteko tokietako bat. Artxiboko argazkia: EFE
Kieveko metroa da aire erasoetatik babesteko tokietako bat
Kieveko metroa da aire erasoetatik babesteko tokietako bat. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuek eta Espainiak behin-behinean Kieveko enbaxadak ixtea erabaki dute, Errusiak asteazken honetan Ukrainako hiriburuaren aurkako aire eraso handi bat egin dezakeen beldur.

Estatu Batuetako enbaxada izan da ateak itxi dituela iragarri duen lehendabiziko herrialdea.

AEBk Kieven duen enbaxadak jakitera eman duenez, Errusiak azaroaren 20an Ukrainako hiriburuan egin dezakeen aire eraso handi bati buruzko informazio zehatza jaso du. Hori dela eta, enbaxada itxita egongo da.

Gainera, enbaxadako langileei eta inguruan bizi diren estatubatuarrei leku seguruetan babes hartzeko prest egoteko gomendatu die.

Estatu Batuen ondotik Espainiak ere Kieveko enbaxada ixteko agindu du, eta gaur ez du aurrez aurreko zerbitzurik emango. Hala ere, posta elektronikoan jasotako mezuak erantzungo ditu.

Espainiako enbaxadak segurtasun neurriak indar ditzaten aholkatu die Ukrainan bizi diren espainiarrei, bertako agintarien gomendioak jarraitu eta uneoro babesleku bat eskura izan dezaten.

Joe Biden AEBko presidenteak Ukrainari irismen luzeko misilak Errusiaren kontra erabiltzeko baimena eman eta egun gutxira etorri da albistea. Atzo bertan Errusiak salatu zuenez, Ukrainak AEBren ATACMS misilak erabili zituen aurrenekoz Errusiari bere lurraldean eraso egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak 2024 Ukraina gaur Ameriketako Estatu Batuak Errusia albisteak Vladímir Putin albisteak Espainia bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Biden azken ordukoa Errusia-Ukraina gerra gaur Zelenski albisteak