Mundua -

Ukraina-Errusia gerra

Ukrainari pertsonen aurkako minak bidaltzea baimendu du Bidenek, hainbat hedabideren arabera

AEBk espero du Kievek bere lurraldean erabiltzea gailuak, eta konpromisoa omen du Ukrainak ez dituela zibilak bizi diren tokietan erabiliko.

Biden, atzo, G20ko bileran. EFE
Biden, atzo, G20ko bileran.
Biden, atzo, G20ko bileran. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Bidenek baimendu egin du Ukrainari pertsonen aurkako lurreko minak bidaltzea, Administrazio estatubatuarreko funtzionarioek AEBko eta Erresuma Batuko hainbat hedabideri (tartean, The Washington Post eta BBC telebista britainiarra) jakinarazi dietenez. Iragarpen hori AEBk irismen luzeko ATACMS misilak erabiltzeko baimena eman ostean heldu da —Etxe Zuriak oraindik ez du baieztapen ofizialik egin—. 

Iturrion arabera, AEBk espero du Kievek bere lurraldean erabiltzea gailuak, eta konpromisoa omen du Ukrainak ez dituela zibilak bizi diren tokietan erabiliko. 

The Washington Postek Etxe Zuriko iturriak aipatuta azaldu duenez, "pertsonen aurkako minak igortzea erabaki polemikoa da: 160 herrialdek horiek erabiltzeko nazioarteko ituna sinatuta dute, frogatuta baitago zibilengan kalte iraunkorrak eragiten dituztela".

Volodimir Zelenskiren gobernuak, ordea, eta betiere AEBko egunkari horren arabera, gerra hasi zenetik erabili nahi izan ditu, Errusiak baliatzen dituela eta horrek Ukrainak lurraldean aurre egitea saihesten duela argudiatuta. 

Bi erabakiok, Ukraina pertsonen aurkako minez hornitzea eta ATACMS irismen luzeko misilak erabiltzen uztea, mugarri dira duela 1.000 egun abiatutako gatazkan. 

Errusia oso kritiko azaldu da AEBren jarrerarekin, eta gatazka "hauspotzea" egotzi dio Bideni. Erantzun gisa, Vladimir Putin Errusiako presidenteak doktrina nuklear berria onartu zuen atzo, eta, horren bidez, bere buruari aukera eman zion arma konbentzionalekin egindako erasoei erantzun nuklearra emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Eguneko albisteak Albisteak Joe Biden Errusia-Ukraina gerra