Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Zelenskik babesa eskatu dio Europar Batasunari, Errusia bultzatzeko Ukrainan "bake justua" lortzera
Ukrainako presidenteak Europako Parlamentuaren aurrean egin duen agerraldian azpimarratu duenez, Errusiari presio gehiago egin behar zaio, uste baitu Putin ez dela bere kabuz geldituko.
Agentziak | EITB Media
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak babesa eskatuko dio gaur goizean Europar Batasunari, Errusia bultzatzeko Ukrainan "bake justua" lortzera.
Errusiak Ukraina inbaditu zuela 1.000 egun betetzen diren honetan, Ukrainako presidenteak bideokonferentzia bidez agerraldia egin du Europako Parlamentuan. Zelenskik Errusiako ekonomiaren aurkako zigor gehiago onartzea eskatu dio Europar Batasunari, bakea lortzeko baliagarri izan daitekeela iritzita.
Testuinguru horretan, Ukraina indartzea eta Errusiari dirua eta boterea kentzea dela bidea uste du Zelenskik. "Ondo baino hobeto dakizue Putinek ez dituela ez pertsonak eta ezta arauak ere baloratzen. Dirua eta boterea besterik ez ditu baloratzen eta hori da, hain zuzen ere, bakea berrezartzeko kendu behar dioguna", gaineratu du.
"Elkarrekin asko lortu dugu, baina ez dugu egunero gehiago egiteko beldurrik izan behar (...). Egunero une egokia da Errusiari presio handiagoa egiteko", azpimarratu du Zelenskik. Are gehiago, uste du Errusiak ez duela motibaziorik benetako negoziazioak hasteko. Hori dela eta, Ukrainako presidenteak espero du Europar Batasunaren hurrengo pausoak bideratzea Errusiaren indar militarra gutxitzera eta haren aktiboak konfiskatzera.
Zelenski presidenteak hitz egin aurretik Roberto Metsola Europako Parlamentuko presidenteak hitz egin du. Azaldu duenez, Europako Parlamentua Ukrainaren ondoan egon da 1.000 egunotan, eta horixe egingo du aurrerantzean ere.