Mundua -

GAZA, ERASOPEAN

Israelek dozenaka palestinar hil ditu Gaza iparraldean egindako beste eraso batean

Lekualdatutako 70 pertsona zeuden gutxienez airez eraso egin dioten erresidentzian. Era berean, Israelek 145 eraso egin ditu Beiruten azken 24 orduetan.

Gazan hildakoak. Argazkia: EFE
Gazan hildakoak. Argazkia: EFE
Gazan hildakoak. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dozenaka palestinar hil edo zauritu ditu Israelek gaur goizaldean Gaza iparraldeko Beit Lahia eremuko etxebizitza eraikin baten kontra airetik egindako erasoan. Lekualdatutako 70 pertsona inguru zeuden eraikinean erasoa gertatu denean, Wafa albiste-agentziak zabaldu duenez.

Lehen datuen arabera, Israelen gerra-hegazkinek egindako erasoaren ondorioz, eraikina eraitsi egin da, eta "zibil errugabeen biktima kopurua handia da: haurrak eta emakumeak daude tartean".

Oraindik ez dakite zein den biktimen kopuru zehatza; izan ere, erreskate-taldeak ezin dira iritsi erasoa gertatu den lekura, txikizioa oso handia delako eta aireko erasoak etengabeak direlako.

Urriaren hasieran ekin zioten Gaza iparraldean Israelgo tropek hirugarren erasoaldi gogorrari, etengabeko bonbardaketak eginez, "Hamas berriro osatzea galarazteko".

Ordutik, 2.000 palestinar inguru hil dituzte, eta hiru ospitale nagusietan (Kamal Adwan, Indonesio eta Al Awda) erasoak egin dituzte. Kalteak handiak dira.

Horrez gain, urritik aurrera Gaza iparraldean sartu den laguntza humanitarioa hutsaren hurrengoa da, eta gosetearen atarian daude, Nazio Batuen Erakundeak eta nazioarteko beste erakunde batzuek ohartarazi duten moduan.

2023ko urritik Israelek Gazan egin duen etengabeko erasoaldiak ia 44.000 hildako (% 70, emakumeak eta haurrak) eta 100.000 zauritu baino gehiago utzi ditu, baina balantzea okerragoa izan daiteke, biktima asko oraindik hondakinen artean daudela uste baitute.

145 aireko eraso Beiruten

Bien bitartean, Israelgo Armadak hiru eraikin eta ingurua jendez husteko agindua eman du Beiruten, eta Nasser Yassin Libanoko Ingurugiro ministroak jakinarazi du azken 24 orduetan 145 eraso jasan dituztela.

Atzo Libanoko Osasun Ministerioak zabaldu zuenez, 3.452 pertsona hil dira Libanon Israelen erasoen ondorioz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel