Mundua -
Gerra Ukrainan
Scholzek gerra amaitzeko eta bakea negoziatzeko eskatu dio Putini telefonoz
Agintari errusiarrak erantzun dio indarrean jarraitzen duela bere bake proposamenak, Ukrainako tropak Donbassetik eta herrialdearen hegoaldetik erretiratzea eta Kiev NATOn ez sartzea proposatzen duenak. Zelenskik kritikatu egin ditu elkarrizketak.
AGENtziak | EITB MEDIA
Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak Vladimir Putin Errusiako presidentearekin hitz egin zuen atzo telefonoz, 2022tik lehenengo aldiz, eta Ukrainako gerra amaitzeko eta bake "justu eta iraunkorra" lortzeko Kievekin bake negoziazio serio batzuetan parte hartzeko eskatu zion.
Alemaniako Gobernuko iturrietatik jakinarazi dutenez, Errusiaren "gerra helbururik" ez dela bete esan zion Scholzek, eta, horren aurrean, "Ukrainaren aurkako gerra amaitzeko eta tropak erretiratzeko" eskatu zion Putini.
Scholzek asteak eman ditu Putinekin hitz egiteko aukeraren inguruan hitz egiten, baina berretsi duenez, Alemaniak Ukraina defendatzeko "erabateko" konpromisoa du.
Aipatu iturrien arabera, Scholzek eta Putinek harremanetan jarraitzea adostu zuten.
Ukraina egoera zailean harrapatu du Scholzen eta Putinen arteko elkarrizketa honek, Errusia egunero ari delako lur-eremua irabazten Donetsken, eta, era berean, mendebaldeko herrialdeen laguntza gutxitu egingo den beldur baita Zelenski, Donald Trump AEBko presidente izendatzen dutenetik aurrera bereziki.
Putinek proposamenari eutsi dio
Vladimir Putin Errusiako presidenteak, bere aldetik, azpimarratu zuen indarrean jarraitzen duela bere bake proposamenak. Proposamen horrek tropa ukrainarrak Donbassetik eta herrialdearen hegoaldetik ateratzea eta Kievek NATOn sartzeari uko egitea aurreikusten du.
"Errusiaren proposamena oso ezaguna da. Balizko akordioek aintzat hartu beharko dituzte Errusiako Federazioak segurtasun arloan dituen interesak, egungo egoeratik abiatu beharko dira, eta garrantzitsuena, gatazkaren jatorrizko arrazoiak deuseztatu behar ditu", jakinarazi du Kremlinek ohar batean.
Zelenskik kritikatu egin ditu elkarrizketak
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak kritikatu egin ditu elkarrizketak, "Pandoraren kutxa" irekitzea ekar dezaketelako.
"Horixe da Putinek aspalditik bilatzen duena. Beretzat funtsezkoa da bere isolamendua ahultzea, eta Errusiarena, eta inora ez daramaten elkarrizketei eustea. Hamarkadak daramatza hori egiten", azpimarratu du Zelenskik.
Ukrainako presidentearen ustez, horri esker lortu du Errusiak bere politiketan aldaketarik ez izatea, eta "horrek ekarri du gerra hau".