Mundua -

AEB

Trumpek Karoline Leavitt izendatu du Etxe Zuriaren bozeramaile

Kanpainan aurpegia eman dutenetako bat izan da, eta Etxe Zuriak inoiz izan duen Prentsa idazkari gazteena izango da. Prentsaurrekoetan aurpegia eman beharko du, baina aurreko agintaldian agerraldi gutxi egitea erabaki zuen Trumpek.

Karoline Leavitt, maiatzean. Argazkia: EFE
Karoline Leavitt, maiatzean. Argazkia: EFE
Karoline Leavitt, maiatzean. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidente hautatuak Karoline Leavitt aukeratu du Etxe Zuriaren bozeramaile izateko. Leavitt kanpainako aurpegi nagusietako bat izan da, eta Trumpen lehenengo legegintzaldiko komunikazio taldean egon zen 2017 eta 2021 artean.

"Karoline Leavittek aparteko lana egin du nire kanpaina historikoko prentsa bozeramaile nazional gisa, eta gustu handiz iragartzen dut Etxe Zuriaren bozeramaile izango dela", adierazi du Trumpek komunikatu batean.

Leavitt pertsona "azkarra" eta "gogorra" dela azpimarratu du, eta "komunikatzaile guztiz eraginkorra" dela gaineratu du.

Trumpek 2025eko urtarrilaren 20an kargua hartzen duenean, Leavitt Etxe Zuriak sekula izan duen Prentsa idazkari gazteena izango da, 27 urte baititu.

Leavitt Trumpen Administrazioko prentsa laguntzailea izan zen haren lehen agintaldian, eta 2022an New Hampshireko hautagai izan zen Kongresurako. Primarioak irabazi zituen lehenengo barrutian, baina hauteskundeetan galtzaile izan zen Chris Pappas demokrataren aurka.

Prentsa idazkariaren kargua Etxe Zuriko garrantzitsuenetako bat da, Administrazioaren aurpegia delako eta kazetarien galderei erantzun behar diena delako.

Joe Bidenen administrazioak ia egunero egin ditu prentsaurrekoak, Barack Obamarenak (2009-2017) eta George W. Bushenak (2001-2009) bezalaxe.

Trumpek, berriz, harreman gatazkatsua izan du prentsarekin, "herriaren etsaiak" eta "albiste faltsuen sortzaile" izatea leporatzen baitie. Horregatik, bertan behera utzi zen egunero prentsaurrekoa emateko ohitura.

Horrela, Trumpen aroan prentsaurrekoak noizbehinkakoak izan ziren, eta 2019ko martxotik 2020ko urtarrilera, adibidez, ez zuten agerraldirik egin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump