Mundua -
gobernu hausturaren ostean
Alemaniako hauteskundeak otsailaren 23ra aurreratzea adostu dute alderdi nagusiek
Gobernu koalizioa hautsita, sozialdemokratek eta demokristauek erdibideko data bat onartu dute, berez ezarrita zegoena baino zazpi hilabete lehenago.
Agentziak | EITB Media
Alemaniako alderdi nagusiak direnak, sozialdemokratek (SPD) eta demokristauek (CDU), hauteskundeak otsailaren 23ra aurreratzea adostu dute. Sozialdemokraten, berdeen eta liberalen arteko gobernu koalizioa hautsi eta astebetera etorri da akordioa.
Aukeratutako data Olaf Scholz kantzilerraren eta Friedrich Merz kontserbadorearen asmoen erdibidekoa da. Izan ere, Alemaniako kantzilerrak konfiantza-galdea egin nahi zuen urtarril erdialdean, eta horrek martxora arte atzeratuko zituen bozak. Merzek, aldiz, lehenbailehen bozkatzea nahi zuen, eta, hortaz, hauteskundeak urtarrilean egitea.
Adostutako erdibideko planaren arabera, konfiantza-galdea abenduaren 16an egingo dute.
Berez, 2025eko irailean egin behar ziren Alemaniako hauteskundeak, beraz, zazpi hilabete lehenago egingo dituzte. Inkesten arabera, Merz buru duen bloke kontserbadorea da faborito, eta AfD alderdi utraeskuindarrak gora egingo du.