Mundua -
AEB
Tom Homan estremista aukeratu du Trumpek migratzaileen deportazio politika bideratzeko
"Mugetako tsarra" izenarekin iragarri du AEBko presidente hautetsiak izendapen berria. Aurreko agintaldian ere, Trumpen gobernukide izan zen Homan. Deportazio masiboen defendatzaile sutsua, guraso eta seme-alaba migratzaileak elkarrengandik banatzea bultzatu izan du, migrazioa eteteko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Donald Trump AEBko presidente hautatuak Tom Homan eskuinzale sutsua aukeratu du migrazio politikak zuzentzeko. "Mugetako tsarra" izena ere jarri dio, haren izena iragartzeko zabaldutako mezuan. "Hegoaldeko, iparraldeko, itsasoko eta aireko mugen zaindaria" izango dela esan du. Hauteskunde kanpainan behin eta berriz iragarritako migratzaileen deportazio masiboen plana bideratzea izango da haren arduretako bat. Aurreko legealdian ere, Trumpen gobernukide izan zen Homan.
Truth sare sozialean zabaldutako mezu batean, Trumpek esan du AEBko mugetako "kontrolen defendatzaile zintzoa" dela Homan, eta hemendik aurrera haren esku egongo dela "herrialdeko mugak zaintzea".
"Aspalditik ezagutzen dut Tom, eta gure mugak zaintzeko eta kontrolatzeko ez dago hura baino hoberik. Legez kanpoko migratzaileen deportazioak bere esku egongo dira. Zorionak Tom. Lan bikaina egingo duzu, ez dut zalantzarik", erantsi du Trumpek.
Joan den hilean CBS hedabideari egindako adierazpenetan, Homanek aurreratu zuen, Etxe Zurira iritsiz gero, legez kanpoko migratzaileak kanporatzea dela bere asmoa, zentzu horretan Joe Biden AEBko presidenteak urratsik ez duela eman salatuz.
Migrazioaren eta Aduanen Kontrolerako Zerbitzuaren zuzendari izandakoa ere bada Homan, eta urte askoko esperientzia du migrazio politiketan. Guraso eta seme-alaba migratzaileak elkarrengandik banatzea bultzatu izan du, migrazioa eteteko neurri gisa.
Joan den asteartean hauteskundeak irabazi zituenetik, poliki-poliki ari da Trump bere lantaldeko kideen berri ematen. Ostiralean jakinarazi zuen Susie Wiles, hauteskunde kanpainako zuzendarietako bat izan dena, aukeratu duela Etxe Zuriko kabineteburu izateko. AEBko 250 urteko historian, bera izango da lehen kabineteburu emakumea. Administrazioko kargurik garrantzitsuenetako bat da, eta presidentearen kabineteko kide guztiak koordinatzeaz arduratzen da.