Mundua -

Ekialde Hurbila

50 pertsona baino gehiago hil ditu Israelek Libanon azken 24 orduetan egindako erasoetan

Israelek Sirian ere egin ditu erasoak igande honetan, eta gutxienez 7 pertsona hil eta 20 zauritu dira Damaskoko auzo baten aurkako erasoetan.

Erreskate-lanak Libanoko Almat hirian izandako eraso baten ondoren. EFE.
Erreskate-lanak Libanoko Almat hirian izandako eraso baten ondoren. EFE.
Erreskate-lanak Libanoko Almat hirian izandako eraso baten ondoren. EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 53 pertsona hil ditu Israelek Libanon, erdiak baino gehiago Libano hegoaldean, eta gutxienez 99 zauritu dira Israelek azken 24 orduetan egindako erasoetan, Libanoko Osasun Publikoko Ministerioak igande honetan jakitera eman duenez.

X sarean duen kontu ofizialean argitaratutako mezu batean Ministerioak adierazi duenez, 28 pertsona hil dira herrialdearen hegoaldean, batez ere Tiro eskualdean izandako erasoetan, eta 17 Baalbek eskualdean, herrialdearen ekialdean.

Horren arabera, 2023ko urriaz geroztik, guztira 3.189 pertsona hil ditu Israelek Libanon, 194 adingabe eta 621 emakume tartean. Gehienak, baina, irailaren amaieran Israelek Libanon erasoak areagotu zituenetik hil dira. 

Urtebete baino gehiagoko gatazkan zauritutako pertsonak 14.000 baino gehiago dira dagoeneko, 1.200 haur baino gehiago tartean, Ministerioaren hitzetan.

Biktimen kopuruaz gain, 1,2 milioi pertsonak etxea utzi behar izan dute bonbardaketen eta Israelen lurreko inbasioaren ondorioz.

Israelek 7 pertsona hil ditu Sirian

Gutxienez 7 pertsona hil eta 20 zauritu ditu Israelek Damaskon, Siriako hiriburuko auzo baten aurka egindako erasoan, Siriako Sham FM irratiak aipatutako iturri militarren arabera.

Israelgo hegazkinek okupatutako Golango gainetatik egin diote eraso auzo horretako etxebizitza-eraikin bati. Hildakoen artean adingabeak eta emakumeak daude, eta kalteak izan dira jabetza partikularretan, iturri horren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Siria Libano