Mundua -

AEB

Justiziak eten egin du Trumpen aurkako epaiketa Kapitolioaren aurkako erasoagatik, egoera berria aztertzeko

Horixe erabaki du Tanya Chutkan epaileak, Jack Smith fiskal bereziari denbora emateko, errepublikanoak hauteskundeetan garaipena lortu ondoren nola jokatu aztertu behar baitu orain.

Trump, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Trump, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Trump, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tanya Chutkan epaileak onartu egin du Donald Trumpen aurka Kapitolioan egindako erasoagatik egiten ari diren epaiketan etenaldi bat egitea, Jack Smith fiskal bereziak denbora izan dezan egungo egoera aztertzeko, hau da, errepublikanoak hauteskundeak irabazi ostean nola jokatu erabakitzeko.

Magistratuak epeak bertan behera uzteko baimena eman du, eta Gobernuak abenduaren 2rako eman beharko du auzi horri buruzko erabakien berri, Smithek eskatu moduan.

Justizia Departamentuaren orain arteko politikei jarraituz gero, Smithek auzia ixtea erabakiko du, presidente karguan dauden pertsonak ikertzea galarazita baitu.

Trumpek esan zuen presidente kargura iristen zenean, lehenengo egunean, kaleratu egingo zuela Smith, eta Justizia Departamentuari bere aurkako auzi guztiak ixteko eskatuko ziola, "jazarpen politikoaren emaitza" direlakoan.

Trumpen aurkako lau epaiketa daude zabalik: bi federalak eta beste bi New Yorkeko eta Georgiako auzitegietan.

New Yorkekoan soilik jaso du zigorra, oraingoz. Stormy Daniels aktore pornoari, 2016ko kanpainan kalte egin ez ziezaion, egin zizkion ordainketen agiriak faltsutzeagatik zigortu zuten. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump