Mundua -
Gaza erasopean
Azarotik apirilera gutxienez 24 aldiz erabili zuen Israelek fosforo zuria Gazan, NBEk baieztatu duenez
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) herrialde guztiei eskatu die, nazioarteko betebehar legalen arabera, Gazan krimen gehiago saihesten laguntzeko, eta justizia egin dadin eskura dituzten bideak erabiltzeko, bai jurisdikzio unibertsala aplikatuz, bai balizko egileak estraditatuz, epaituak izan daitezen.
EITB Media
Israelek fosforo zuria erabili du, gutxienez 24 aldiz, Gazako azken hilabeteetako erasoaldian. "Zauri lazgarri eta mingarriak" eragiteko gai den su-emaile kimikoa erabili zuen behin, abenduaren 25ean, eta haurtxo batek fosforo zuriz egindako erredurak jasan zituen Al Bureij eremuko eskola batean.
Hala salatu du Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideetarako Bulegoak ostiral honetan argitaratutako 32 orrialdeko txosten batek. Txosten horretan, Gazako mediku profesionalen testigantzak jaso ditu, eta erakundeak genozidio, gerra edo gizateriaren aurkako krimenak leporatzen dizkie Israelgo indarrei.
2023ko azaroaren 1a eta 2024ko apirilaren 30a bitarteko gatazkaren sei hilabeteak aztertu ditu txostenak, eta frogatu du sei hilabete horietan gutxienez sei aldiz erabili duela Israelek fosforo zuria Gaza Hirian, bederatzi aldiz Zerrendaren erdialdean eta hirutan Khan Yunisen, horietako batzuk errefuxiatu-esparruetan.
Fosforo zurizko munizioak, gerra-arma gisa erabilita, ez ditu helburu militarrak eta zibilak bereizten, batez ere populazio-dentsitate handiko eremuetan erabiltzen bada; beraz, helburuak bereizten ez dituenez, gatazka-arauak urratzen ditu, ingurumen-inpaktu larria eragiteaz gain, ura, airea eta elikagaiak kutsatzen baititu.
Txosten horretan, gainera, dagoeneko zenbaezinak diren giza eskubideen urraketa kasuetako batzuk zehazten ditu, hala nola gosea gerra-arma gisa erabiltzea, ospitaleen aurka egin diren erasoak, behartutako joan-etorri masiboak, itzalaldi informatiboak eta biztanleria zibilaren aurkako erasoak.
Ajith Sunghay Nazio Batuen Erakundeak Palestinako lurralde okupatuetarako duen Giza Eskubideen Bulegoko buruak kazetariei adierazi dienez, Gazan hildakoen eta zaurituen % 70 emakumeak (% 25) eta haurrak (% 45) dira, eta horrek erakusten du Israelek ez duela gutxieneko gizatasunik izan ekintza militarretan.
Horrek salatutakoaren arabera, giza kostuaz gain, Israelek "Gazako oinarrizko egitura sozialak eta palestinarrei laguntzeko sarea suntsitzea" izan du helburu, eta, beraz, palestinarren arteko gizarte-sarea eta kohesioa suntsitzeko asmoa du.
Sunghayk gaineratu duenez, Israelek laguntza humanitarioaren eta medikoaren sarbideari oztopo larriak jartzen jarraitzen du, eta salatu du azken hilabetean Nazio Batuen erakunde humanitarioek ia ez dutela Gazan sartzeko aukerarik izan.
Deia herrialde guztiei
Txosten hau argitaratu eta gutxira, NBEk dei egin die herrialde guztiei, nazioarteko betebehar legalen arabera, Gazan krimen gehiago saihesten laguntzeko, eta justizia egin dadin eskura dituzten bideak erabiltzeko, bai jurisdikzio unibertsala aplikatuz, bai balizko egileak estraditatuz, epaituak izan daitezen.
"Estatuek krimen izugarriak prebenitzeko betebeharra dute, eta kontuak emateko mekanismoak babesteko eskatzen diegu, Nazioarteko Zigor Gortea barne", esan du Jeremy Laurence bozeramaileak NBEren Genevako egoitzan.
Era berean, NBEk herrialdeei eskatu die jurisdikzio unibertsalaren printzipioa balia dezatela, izan ere, horrek edozein estaturi ematen dio eskumena delitu baten egilea epaitzeko eta zigortzeko, delitu hori non egin den gorabehera, eta egilearen nahiz biktimaren nazionalitatea edozein dela ere.
Laurencek adierazi du estatuek aintzat hartu behar dutela Gazako krimenen susmagarriak modu bidezkoan auzipetuak izan daitezkeen edozein herrialdetara estraditatzea.
Bestalde, NBEk gobernuei eskatu die arreta handiz ebaluatzeko armen salmenta edo transferentzia, bai eta edozein motatako laguntza finantzario, militar edo logistiko ere, hartzailea Israel zein Hamas izan.