Mundua -
AEB.KO HAUTESKUNDEAK
Trumpekin osatutako hauteskunde-aliantzaren fruituak biltzera doa Elon Musk
Ofizialki, Muskek bere burua aurkeztu du oraindik sortu ez den Eraginkortasun Departamentua zuzentzeko, eta aurrekontu federala "bi bilioi dolar" murriztearen alde egin du.
Agentziak | EITB MEDIA
Elon Musk, munduko gizonik aberatsena, Donald Trump presidente izango denarekin izan duen aliantzaren fruituak biltzera doa. Besteak beste, Gobernuan eragina izan nahi du, eraginkortasun administratiboa fiskalizatzea baino gehiago, bere negozioetarako abantailak eskuratzeko.
Hasiera batean politika saihesten zuen pertsona izan arren, bete-betean sartuta egon da Trumpen kanpainan, batez ere uztailean Pennsylvanian egindako mitin batean hautagaia tiroz hiltzen saiatu zirenetik. Inflexio-puntu bat izan zen hori, eta, ordutik aurrera, eskura izan dituen baliabide guztiak erabili ditu hura babesteko.
Muskek 130 milioi dolar inbertitu zituen Trumpi Etxe Zurira bueltatzen laguntzeko, bere ekintza-batzordearen bidez. Horrez gainera, adituek iradoki dutenez, diru-emaileak ezagutzera ematera behartuta ez dauden taldeak ere finantzatu zituen, eta diru-sariak eman dizkie boto-emaile batzuei, bere kausarekin konprometitzearen truke.
The New York Times (NYT) egunkariak ostegun honetan jakitera eman duenez, Muskek SpaceX enpresako hainbat langile Gobernuko goi-kargudun gisa kontratatzeko eskatu dio Trumpi, Defentsa Departamentuan barne.
Ofizialki, Muskek bere burua aurkeztu du oraindik sortu ez den Eraginkortasun Departamentua zuzentzeko, eta aurrekontu federala "bi bilioi dolar" murriztearen alde egin du.
Muskek Trumpekin duen hurbiltasunak eragin zuzena izan du merkatuan: errepublikanoaren garaipenaren osteko burtsaren lehen saioan, Tesla auto elektrikoen bere enpresak % 15 inguru egin du gora, banketxe handiak baino gehiago, eta horrek bere ondarea 15.000 milioi dolar handitzea ahalbidetu dio handikiari.
Negozioak eta politika, aurreikusteko moduko nahasketa
Trumpek "klima errespetatzen duten irtenbideen babes falta argia" adierazi du; hala ere, auto tradizionalen alternatiba gisa jaio den Tesla enpresak gora egin du burtsan Muskek administrazio berrian "paper garrantzitsua" izango duelakoan, "nahiz eta Teslarentzat ezer ez aldatu funtsean", Mirovaren errenta aldakorreko taldeak ohar batean azaldu duenez.
Musk negozio askoren sortzaileetako bat eta inbertitzailea da, baina gaur egun sei negoziotan du erantzukizuna: Tesla (automobil elektrikoak), SpaceX (espazio-ontziak eta sateliteak), X (sare soziala), Neuralink (garunean ezar daitezkeen txipak), The Boring Company (azpiegiturak eta tunelak) eta xAI (adimen artifiziala).
Gainera, bere diruaren zati bat filantropiara bideratzen du, Musk Fundazioaren bitartez. Horrek bekak ematen ditu inbertitzen duen sektoreak garatzeko, hala nola adimen artifiziala eta esplorazio espaziala, baina baita energia berriztagarrien, pediatriaren eta hezkuntza zientifikoaren alorretan, bere webgunearen arabera.
Nolanahi ere, Administrazioaren politikek eragin zuzena dute Musken negozioetan, zati handi batean gobernu-kontratuez elikatzen baitira, eta Teslak, zehazki, ibilgailu elektrikoak erosteagatiko zerga-kredituen onura jasotzen du. Gainera, legegintza-mailan, aliatu errepublikanoak zituen aurretik, eta orain gehiago dira, eta horren negozioei mesede egingo dieten erregulazioak bultza ditzakete, hala nola esplorazio espazialean edo adimen artifizialean.
NYTk Muskek Trumpengan izan dezakeen eragina nabarmendu du, eta gogoratu du jada errepublikanoak moderatu egin dituela Teslaren sortzailearen eraginez, adibidez, ibilgailu elektrikoekiko zuen mesfidantzan, eta arlo horretan lagundu egingo diola baieztatu du.