Mundua -

AEB-ko hauteskundeak

Trumpek Susie Wiles aukeratu du Etxe Zuriko kabinete-buru izateko

67 urteko emakumea hautagai errepublikanoaren kanpaina zuzendaria izan da. Aholkulari diskretua da, eta ez omen ditu kamerak maite. Diotenez, Trumpen ateraldien aurrean lasaitasuna erakusteko abilezia du.

Wiles, asteartean, Trumpek garaipen hitzaldia eman zuenean. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Wiles, asteartean, Trumpek garaipen hitzaldia eman zuenean.
Wiles, asteartean, Trumpek garaipen hitzaldia eman zuenean. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidente hautetsiak lehen izendapena egin du jada: Susie Wiles, hauteskunde kanpainako zuzendarietako bat izan dena, aukeratu du Etxe Zuriko kabinete-buru izateko.  

AEBko 250 urteko historian, bera izango da lehen kabinete-buru emakumea. Administrazioko kargurik garrantzitsuenetako bat da, eta presidentearen kabineteko kide guztiak koordinatzeaz arduratzen da. 

"Susie Wilesek AEBko historian izandako garaipen handienetako bat lortzen lagundu dit, eta 2016ko eta 2020ko kanpaina arrakastatsuenetan parte hartu du", nabarmendu du Trumpek ohar bidez. 

Buruzagi errepublikanoaren arabera, "emakume indartsu, azkar, berritzaile eta mundu zabalean errespetatua da Wiles. Ohorea da Susie izatea AEBko historiako lehen kabinete-burua. Ez dut zalantzarik, gure herrialdea harro egoteko moduan jardungo du". 

Asteartean, garaipena aldarrikatzeko hitzaldian bertan, Wilesi aipamen berezi egin zion Trumpek. "Utzidazue Susiek eta Chrisek (LaChivita) —biak ala biak izan dira kanpainako buru— egindako lanarengatik esker beroena ematen. Susieri bigarren maila batean egotea gustatzen zaio, baina ez dago inondik inora bigarren mailan", esan zuen. 

Zailtasunei aurre egiten iaioa

Wiles (New Jersey, 1957) eskarmentu handiko aholkularia da, eta Floridan jardun du bereziki. 2016an, Estatu horretarako Trumpen kanpaina zuzendu zuen eta Ron DeSantis gobernadore izaten lagundu zion bi urte geroago, 2018an. 

NBC News telebista katearen arabera, Wiles "zorigaitzetara ohituta dago". Pat Summerall futbol jokalari ezagunaren alaba da, eta 90ko hamarkadan gutuna idatzi zion aitari, bere alkoholismoak lotsatzen zuela esanez. Antza, Summerallek berak gerora aitortu zuenez, eskutitz hura erabakigarria izan zen alkohola uzteko. 

Raymond Donovan Lan idazkari nagusiaren idazkaria ere izan zen Wiles. Donovan ikerketapean egon zen mafiarekin zituen loturak tarteko, eta emakumeak dimisioa aurkeztarazi zion, fiskalak hura ez auzipetzea eskatu bazuen ere. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump