Mundua -

HAUTESKUNDEAK AEB-n

Kamalaren isiltasuna, gaurik gogor eta luzeenaren ostean

Hautagai demokratak bertan behera utzi du hauteskunde gauean bere jarraitzaileen aurrean egin beharreko hitzaldia, eta bihar hitz egingo duela agindu du, oraindik zenbatu gabeko botoak daudela uste baitu.

Estatu Batuetako hauteskundeak. EFE.
Estatu Batuetako hauteskundeak
Estatu Batuetako hauteskundeak. EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kamalaren ametsa bertan behera geratu da gau ilun baten ostean. Itxaropen eta inklusio mezuak ez dira nahikoa izan Kamala Harris AEBko presidenteorde eta Etxe Zurirako hautagaiak hauteskundeetan garaipena lortzeko.

Donald Trump hautagai errepublikanoak Ipar Carolinan eta Georgian irabazita, irabazle birtual gisa aurkeztu du bere burua. Botoen zenbaketak aurrera jarraitzen duen arren, itxura guztien arabera, Harris ez da Ameriketako Estatu Batuetako lehen emakume presidentea izango.

Konfiantzaz gainezka iritsi da hautagaia azken txanpara. Hauteskunde gaua Washingtongo Howard Unibertsitatean igaro du, 1980ko hamarkadan ikasketak egin zituen unibertsitatean, eta handik monitorizatu ditu emaitzak, jarraitzaileekin batera.

Gauerdia pasata eta bi estatu garrantzitsu horietako porrotaren berri izan ostean, Harrisek erabaki du bertan behera uztea Washingtongo Howard Unibertsitatean egin behar zuen hitzaldia.

Harrisen kanpainako zuzendariorde Cedric Richmondek jakinarazi duenez, hautagai demokratak ez die jarraitzaileei bihar arte hitz egingo, izan ere, "oraindik" zenbatu gabeko botoak daudela uste du. "Estatu batzuetan ez da irabazlerik oraindik", azpimarratu du.

Kanpainaren azken uneetan, Kamala Harrisek esperantza eta inklusio mezuak zabaldu ditu. Pertsona ezagunen hauspoa ere izan du, Oprah Winfrey, Lady Gaga eta Ricky Martinena, esaterako, eta haiekin batera printzipio demokratikoei eusteko premia azpimarratu du. Oso bestelakoak izan dira Kamalak eta Trumpek egindako azken hitzaldiak, tonu oldarkorragoa aukeratu baitu errepublikanoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak