Mundua -

AEB-KO HAUTESKUNDEAK

AEBko bost estatuk aborturako eskubidea Konstituzioan jasotzea bozkatu dute eta Floridak debekuari eutsi dio

New York, Arizona, Colorado, Maryland eta Misuri estatuetako boto emaileek aborturako eskubidea legez babestearen alde egin dute.

Abortuaren aldeko kanpaina Arizonan. Argazkia: EFE
Abortuaren aldeko kanpaina Arizonan
Abortuaren aldeko kanpaina Arizonan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeetan herrialdeko presidentea aukeratzeaz gain, Ordezkarien Ganbera eta Senatua berritu dute. Halaber, hainbat estatutan abortuari buruzko galdeketak egin dituzte. Bertako hedabideen proiekzioen arabera, New York, Arizona, Colorado, Maryland eta Misuri estatuetan aborturako eskubidea estatu mailan babestearen alde bozkatu dute; Floridan, berriz, proposamenaren aurka egin dute.

Aipaturiko bost estatu horietan aborturako eskubideari eutsiko diote. Floridan, berriz, ez dute abortua legez babesteko beharrezkoa zen botoen % 60 eskuratu eta, hortaz, gaur arte legez, ezingo da abortatu haurdunaldiaren seigarren astetik aurrera.

Beste hiru estatutan ere Montana, Nevada eta Hego Dakotan abortua legez babestearen aldeko galdeketak egin dituzte. Nebraskan, aldiz, gaur egun indarrean dagoen debekua egonkortzea da galdeketaren helburua.

2022ko ekainean, AEBko Auzitegi Gorenak haurdunaldia eteteko eskubide konstituzionala bertan behera uztea erabaki zuen hamar estatutan. Abortuaren aldekoek galdeketak egiteko nahikoa sinadura bildu dituzte eta gaiari buruzko bozketa egitea lortu dute hainbat estatutan, azaroaren 5eko hauteskundeak baliatuz. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Abortua Albisteak gaur Nazioarteko berriak Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB argazkiak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Hauteskundeak