Mundua -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Hauteskunde emaitzak AEBn, AEB: Eta orain zer? eta goialdeko borraska Valentzian
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko azaroaren 6an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Hauteskunde emaitzak AEBn: Boto kontaketa oraindik amaitu ez bada ere, itxura guztien arabera Donald Trump Alderdi Errepublikanoaren hautagaia izango da Ameriketako Estatu Batuetako presidentea datozen lau urteetan. Giltzarri diren zazpi estatuetako bitan (Ipar Carolina eta Georgia) garaipena lortu du eta beste bostetan (Arizona, Nevada, Michigan, Wisconsin eta Pensilvania) Kamala Harris hautagai demokrataren aurretik doa.
- Ameriketako Estatu Batuak: Eta orain zer?: Itxura guztien arabera, Alderdi Errepublikanoaren garaipena erabatekoa izango da. AEBko presidentetza ez ezik, Senatuan eta Ordezkarien Ganberan gehiengoa izango baitu. AEBko hauteskundeak azaroko lehen asteartean egiten badira ere, Hauteskunde Batzordeak ez ditu urtarrilaren 6ra arte hauteskunde emaitzak igorriko Kongresura eta Artxibo Nazionalera. Urtarrilaren 6an, Kongresuak kontatu eta egiaztatuko ditu, Senatuko presidentea buru dela. Urtarrilaren 20an presidentearen kargu-hartze ekitaldia egingo da, eta ofizialki abiatuko da horren agintaldia.
- Goialdeko borraskaren ondorioak: Goialdeko borraskak (GOIDI ere deitua) bereziki Valentzia eta neurri apalagoan Gaztela-Mantxa eta Andaluzia kolpatu eta astebetera, agintarien desagertutako pertsonen lehen balantzea egin dute. Valentziako probintzian bakarrik desagertutako 89 pertsona zenbatu dituzte eta oraindik identifikatu gabeko 62 gorpu daude, hortaz, oso litekeena da desagertutako pertsonen kopuruak behera egitea. Gainera, goialdeko borraskak gehien kolpatu dituen guneak babes zibileko larrialdi batek larriki kaltetutako eremu izendatzea onartu du Ministroen Kontseiluak.