Mundua -
AEB-ko hauteskundeak
Trump vs Harris lehiak AEBko demokraziaren sendotasuna neurtuko du gaur
Trump eta Harris inkestetan berdinduta iritsi dira hauteskundeen egunera, eta zalantza (eta kezka) nagusia da presidente ohiak emaitzei berriz muzin egingo ote dien.
EITB Media
AEBko boto-emaileek herrialdearen etorkizun politikoa erabakiko dute gaur presidenterako hauteskundeetan. Hori horrela, Kamala Harris presidenteordeak jarraipena eman nahi dio egungo gobernu demokratari, eta Donald Trump presidente ohia Etxe Zurira itzultzen saiatuko da. Inkestak berdinduta daude.
Hauteskunde prozesuak martxan asteak daramatzan arren (75 milioi pertsonak baino gehiagok dagoeneko eman dute botoa), gaur izango da egun handia. Hautesleku gehienak asteartetik asteazkenerako 01:00ak eta 06:00ak artean (Euskal Herriko orduak) itxiko dituzte, eta handik aurrera zaila da aurreikustea noiz ezagutuko dugun irabazlearen izena.
Teknikoki, hautesleek ez dute hautatuko hurrengo presidentea, baizik eta Konpromisarioen Biltzarreko ordezkariek.
Nola jarraitu hauteskunde gaua
Gainera, ez dago erakunde bateraturik zenbaketaren berri emateko. Horren ordez, hedabideek euren proiekzioak publikatuko dituzte minutuz minutu, eta irabazlea iragarriko dute euren proiekzioetan hautagaietako bat 270 konpromisarioen langara iristen denean.
Zeri begira egon behar dugu kontaketan, orduan? Batik bat, estatu kulunkari izenekoei (ingelesez, swing states). Estatu gehienek berdin bozkatzen dute hauteskunde guztietan. Adibidez, Kalifornian beti irabazten du Alderdi Demokratak, eta Texasen, aldiz, Errepublikanoak. Kulunkariak, hain zuzen ere, kolorez aldatu ohi diren estatuak dira, eta horiek margotu ohi dituzte azken emaitzak, demokraten urdinarekin edo errepublikanoen gorriarekin.
Zazpi dira estatu giltzarri nagusiak, eta horietatik, Trumpek aldea du Arizonan, Nevadan, Pennsylvanian, Ipar Carolinan eta Georgian, eta Harrisek Wisconsinen eta Michiganen.
270 konpromisarioren langara heldu eta gero, hautagaiek garaipen eta porrot hitzaldiak egitea izan da beti herrialdeko politikako tradizioa, baina duela lau urte Trumpek hankaz gora jarri zuen, uko egin baitzion hauteskundeen emaitzak onartzeari. Horren ondorioz, trumpzaleek eraso egin zioten Kapitolioari, eta presidente ohia epaitu egin zuten horregatik (epaileek, baina, ez dute epaia eman oraindik).
Etxe Zuria ez ezik, Ordezkarien Ganbera eta Senatua ere izango dira jokoan gaurko hauteskundeetan. Izan ere, Behe Ganbera osoa eta Goi Ganberako heren bat ere berrituko dituzte gaurkoan.
Kanpaina, inoiz baino polemikoagoa
Hauteskunde egunarekin batera, kanpainaren amaiera ere heldu da. Oso azkar etorri ziren kanpainako lehen polemikak: asieran, Joe Biden egungo presidentea zen demokraten hautagaia, baina uko egin behar izan zion ekainaren 27ko hauteskunde-debatean egindako hanka-sartzeen ondorioz.
Presidenteordetzarako hautagaiak, Kamala Harrisek, hartu zion lekukoa ondoren, eta babes zabalak lortu zituen lehen asteetan, Biltzar Demokratak bultzatuta batez ere.
Asteek aurrera egin ahala, baina, behera egin du, eta Trumpekin berdinduta iritsi da azkenean hauteskunde egunera. Presidente ohia kargura itzultzea nahi ez duten boto-emaileak erakartzea izango da gakoa.
Bere aldetik, Trumpek aise irabazi ditu Alderdi Errepublikanoen barne hauteskundeak, inork aurre egin gabe. Duela 8 urte, alderdiko moderatuenek haren aurka egin zuten; oraingoan, berriz, denek asumitu zuten ezinezkoa zela Trump geldiaraztea.
Are gehiago, Trumpek oso merke ordaindu ditu 2021eko urtarrilean haren jarraitzaileek Kapitolioari egin zioten erasoa eta azken urteetan haren aurka zabaldu diren auzi judizialak. Maiatzean, kondena bat duen lehen presidentea izan zen, Stormy Daniels auzian, eta ez du zirikinik ere ez egin bere estrategia populistaren baitan, eta gezurrak esatea kanpainaren ardatz bihurtu ditu (adibidez, migratzaileek estatubatuarren maskotak jaten dituztela esan zuen debate batean).
Kanpaina honetan, gainera, bi hilketa saiakerari egin die aurre: uztailaren 14an, gizon batek tiro egin zion Pennsylvanian, eta zauritu egin zuen; irailean, berriz ere saiatu ziren Trump hiltzen, baina tiratzaileak ez zuen tiro egitea lortu.
Hauteskundeen ostean, zer?
Gaurko hauteskundeen ostean, presidente aldaketa ez da berehalakoa izango, AEBko sistema politikoan mugiezinak direlako epeak: hauteskundeak azaroko lehen astelehenaren osteko lehen asteartean dira, eta presidente berriak urtarrilaren 20an egingo du karguaren zina, Kapitolioan.
Presidente berriak ekonomia izango du erronka nagusi, baina immigrazioa eta segurtasuna ere herritarren kezka nagusietakoak dira. Trumpek, adibidez, migratzaileek "inbasioa" egin dutela salatu du, eta kanporatze masiboak promestu ditu.
Alde sozialean, Harrisek abortatzeko eskubidea kokatu du eztabaida politikoaren erdigunean, eta Trumpen balizko gobernuan emakumeen eskubideak arriskuan egongo liratekeela ohartarazi du.
Nazioarteak ere interes handiarekin jarraituko du hauteskunde gaua, Trumpek goitik behera aldatuko lukeelako AEBren estrategia geopolitikoa, aliatu tradizionaletatik urrunduta.