Mundua -

Georgia

Amets Georgiarrak irabazi ditu hauteskundean Georgian, iruzur salaketak gorabehera

Gehiengo osoa lortu du, botoen % 54,09 bilduta. Oposizio europazaleak botoen % 40 lortu ditu, baina ez ditu emaitzak onartu.

Bidzina Ivanishvili, Amets Georgiarra alderdiaren liderra. EFE.
Bidzina Ivanishvili, Amets Georgiarra alderdiaren liderra. EFE.
Bidzina Ivanishvili, Amets Georgiarra alderdiaren liderra. EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Georgiako Hauteskunde Batzordeak baieztatu egin du Bidizna Ivanishvili milioidunaren Amets Georgiarrak gehiengo osoa lortu duela asteburuan egin diren hauteskundeetan. Oposizioak, berriz, iruzur argia izan dela salatu du.

Botoen % 99,6 zenbatuta, Amets Georgiarrak botoen % 54,09 eskuratu ditu, eta oposizio europazaleak % 40 eskas.

Aldaketaren Aldeko Koalizioak, Ahali, Girchi-Askatasun Gehiago eta Droa barne hartzen dituenak, botoen % 11,2 lortu ditu; Georgia Salbatzeko Batasunak, Mugimendu Nazional Batua buru duenak, % 9,8; Georgia Indartsuak, % 9,2; eta Georgiaren Aldek, % 8,2. Parte-hartzea % 58,9koa izan da.

Hauteskundeen emaitzak aurrez aurre jartzen ditu Irakli Kobakhidze lehen ministro eta Amets Georgiarraren ordezkari nagusietako bat eta Salome Zourabichvili presidente eta Bruselaren aliatua.

Lehenengoak Amets Georgiarraren garaipena aldarrikatu du emaitzak jakin aurretik, eta bigarrenak oposizioa jo du garaile atariko emaitzak besterik ez direnean argitaratu.

"Ez ditugu emaitza hauek onartuko", adierazi du Tina Bokuchava Mugimendu Nazional Batuaren buruak, eta nazioarteko ikuskari independente batzuk oposizioaren garaipenaz ziur daudela esan du. "Hauteskunde Batzordeak Ivanishvilik nahi zuena egin du. Sekula ez bezala lan egingo dugu etorkizun europarra bueltan dela ziurtatzeko", gaineratu du.

Amets Georgiarra 2012an Bidzina Ivanishvilik sortutako zentro-ezkerreko koalizioa da. Urte hartan bertan, Parlamenturako hauteskundeetan Mugimendu Nazional Batua Gobernutik kentzea lortu zuen, eta Gobernua zuzentzera heldu zen, baina, urtebete pasatxo geroago, kargua utzi zuen eta Irakli Garibashvili izendatu zuen bere oinordeko. Ordutik, Ivanishvili itzalean da lider.

Oposizioak eta Mendebaldeak gogor kritikatu dute Amets Georgiarra, Kremlinarekiko gertutasuna erakusteagatik, Ukrainako gerraren harira Errusiari zigorrak jartzearen aurka agertzeagatik, Georgia eta Errusiaren arteko hegaldiak ezartzeagatik eta Errusian dauden arauen antzeko hainbat lege errepresibo onartzeagatik.

Hauteskundeetan, nazioarteko 76 erakundetako 1.700 behatzaile atzerritar baino gehiago eta Georgiako 111 erakundetako 23.000 behatzaile baino gehiago izan dira, eta "lasaitasun erlatiboa" izan da nagusi, nahiz eta istiluren bat edo beste izan den.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak