Mundua -

Ekialde Hurbila

Israelek "helburu militarrak" bonbardatu ditu Iranen, eta gutxienez lau soldadu hil ditu

"Irango erregimenak Israelgo Estatuaren aurka hainbat hilabetetan egindako etengabeko erasoengatik" egin omen du bonbardaketa. Irango Gobernuak jakinarazi du erasoari aurre egin diola eta kaltea txikia izan dela.

Teheran. Argazkia: EFE
Teheran. Argazkia: EFE
Teheran. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Armadak "helburu militarren aurkako eraso zehatzak" egin ditu bart zenbait orduz Iranen, "Irango erregimenak Israelgo Estatuaren aurka hainbat hilabetetan egindako etengabeko erasoei erantzuteko".

"Iranek Israelen kontra egindako erasoen erantzuna amaitu dela esan dezaket", iragarri du Daniel Hagari Israelgo Defentsa Indarren bozeramaileak bertako 06:00ak aldera.

Hagarik azaldu du Iranen helburu militarren aurkako "eraso zehatzak" egin dituztela, "Israelgo Estatuaren aurkako mehatxuak galarazteko".

Irango Gobernuak bertan behera utzi ditu hegaldi guztiak erasoaren berri izan duenean, IRNA agentzia ofizialak zabaldu duenez.

Bertako hedabideen arabera, Israelen lehenengo erasoaldian Teheran mendebaldeko eta hego-mendebaldeko base militarrak izan dituzte jomugan, baina defentsa sistemak geldiarazi egin ditu misilak, nahiz eta kalte txiki batzuk izan diren eta gutxienez lau soldadu hil dituzten.

Iranek 180 misil jaurti zituen urriaren 1ean Israelen aurka Hassan Nasrallah Hezbollahren buruzagiaren eta Ismail Haniyeh Hamasen buruaren hilketei erantzunez.

Irango agintariek azkenaldian ohartarazi dute gogor erantzungo dutela Israelek eraso eginez gero.

AEBk Israel defendatu du, eta Hamasek Iranen burujabetza urratzea egotzi dio

AEBko agintariek Israelekin "erabateko konpromisoa" dutela berretsi dute, eta "Iranen mehatxuari" erantzuteko eskubidea aitortu diote. Lloyd Austin AEBko Defentsa Departamentuko idazkariak Israelgo Estatuaren "segurtasunerako eta autodefentsarako eskubidea" aipatu du gaurko erasoak justifikatzeko, eta jakinarazi du Yoav Gallant Israelgo Defentsa idazkariarekin hitz egin duela.

Hamas talde islamistak, bere aldetik, "indar guztiarekin" gaitzetsi du Israelek Iranen egindako erasoa, "Iranen burujabetzaren erabateko urraketa" delako eta "eskualdeko segurtasuna kolokan" jartzen duelako.

Ohar batean, "AEBk babestutako" Israelen erasoak eskualdean ondorioak izan ditzakeela ohartarazi du talde palestinarrak, eta Israelen izaera "kriminala" eta AEBren eta mendebaldeko beste herrialde batzuen "babes militar eta politikoa" salatu ditu.

Hezbollahk eraso "traidorea" gaitzetsi du eta AEBri babesa ematea leporatu dio 

Hezbollah talde xiitak Israelek Iranen egindako eraso "traidorea" gaitzetsi du, eta AEBri ekintza hori babestu izana leporatu dio.

Era berean, Gazako zerrendan eta Libanon izandako "sarraskien, tragedien eta minaren erantzukizun osoa" duela adierazi du.

EBk "tentu handiz" jokatzeko eskatu du

Israelek Iranen aurkako erasoa egin ostean, Europar Batasunak (EB) "tentu handiz" jokatzeko eskatu du egoera "kontrolaezin" bihur ez dadin.

"Eraso eta errepresalia zikloak gatazka are gehiago zabaltzea ekar lezake", esan du ohar baten bidez EBren Atzerri Gaietarako eta Segurtasun Politiken bozeramaile Nabila Massralik.

Guterres gerraren hedapenagatik "oso arduratuta" agertu da

Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia "oso arduratuta" agertu da Israelgo Armadak Iranen aurka egindako erasoaren aurrean, eta gaineratu du gerraren hedapenaren erakusgarri dela hori.  Era berean, "Gazako eta Libanoko ekintza militar guztiak bertan behera uzteko" eskatu die alde guztiei, eta "erabateko gerra eragozteko ahalegina egiteko eta bide diplomatikora itzultzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Iran Israel