Mundua -

Goi-bilera Kazanen (Errusia)

Putinek dio BRICS taldeko kide guztiek nahi dutela Ukrainako gerra "lehenbailehen" amaitzea

"Gatazka ahalik eta azkarren eta, ahal dela, modu baketsuan bukatzean zentratuta daude guztiak", azpimarratu du Errusiako presidenteak Kazan hirian egindako goi-bileraren amaieran.

Vladimir Putin eta Xi Jinping Errusiako eta Txinako presidenteak, Kazango goi-bileran. Argazkia: EFE
Vladimir Putin eta Xi Jinping Errusiako eta Txinako presidenteak, Kazango goi-bileran. Argazkia: EFE
Vladimir Putin eta Xi Jinping Errusiako eta Txinako presidenteak, Kazango goi-bileran. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vladimir Putin Errusiako presidenteak esan du BRICS taldeko estatu kide guztiek, bereziki Txinak eta Brasilek, Ukrainako gerra lehenbailehen eta, ahal dela, modu baketsuan bukatzea nahi dutela.

"Gatazka (Ukrainan) ahalik eta azkarren eta, ahal dela, modu baketsuan bukatzean zentratuta daude guztiak", nabarmendu du prentsaurrekoan, Kazanen (Errusia) egindako goi-bileraren amaieran.

Kremlineko buruak eskerrak eman dizkie estatu kide guztiei Ukrainako gatazkan arreta jartzeagatik, eta "konpontzeko modua bilatzeagatik".

Hala ere, Putinek berriro leporatu dio AEBri 2014an Ukrainan estatu-kolpe bat babestu izana, "eta horrek egungo egoera ekarri du", erantsi duenez.

Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek ere Ukrainan bake justua lortzeko beharra azpimarratu du bere hitzaldian, eta Libanon eta Gazako Zerrendan ere su-etena eskatzeko aprobetxatu du.

Ekialde Hurbileko gatazka

Zentzu horretan, Mahmud Abbas Palestinar Aginte Nazionaleko presidenteak goi-bileran salatu duenez, urtebete baino gehiagoko erasoen ostean, Israelgo Armada "garbiketa etnikoa" egiten ari da Zerrendan, "biztanleez husteko" helburuarekin.

Gazako Zerrendako egoeraz gain, Abbasek agerian utzi du "okupazio indarren eta kolono terroristen Zisjordaniako erasoek, Jerusalem ekialdea barne", Nazioarteko Zuzenbidea urratzen dutela, eskualdea "indarkeriaren amildegian erortzeko" arriskuan jartzen dutela eta "gatazka zabaldu" besterik ez dutela egiten.

Era berean, Putinek ohartarazi duenez, Ekialde Hurbilean "kate-erreakzioa" gertatu da azken urtean, eta horrek eskualdea "eskala handiko gerra baten atarian" jarri du. Aldi berean, bertan bake iraunkorra lortzeko, "herri palestinarrarekiko bidegabekeria historikoa zuzendu" behar dela esan du, Palestinako Estatua sortuz.

Ildo beretik, "ez da bakerik izango Estatu palestinar independente bat egon arte", adierazi du Mauro Vieira Brasilgo kantzilerrak Kazanen.

BRICS taldeko estatu kideen buruzagiak, Kazaneko (Errusia) goi-bileran. Argazkia: EFE

Xi Jinping Txinako presidenteak su-etena eskatu du Gazan, Libanon gerra zabaltzea saihesteko, eta Ukrainan konponbide politikoa lortzeko bidea erraztea aldarrikatu du.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea urrats bat harago joan da, eta Gazan "genozidio" bat egitea leporatu dio Israeli, eta batzarrean parte hartu duten estatuei eskatu die Ankarak Israeli armak saltzea gelditzeko Nazio Batuen Erakundean abiatutako ekimena babesteko.

Estatu-kolpeen saiakerak

Bestalde, Luis Arce Boliviako presidenteak goi-bileran egindako agerraldia aprobetxatu du salatzeko "legez eratutako demokraziak", hala nola, bere herrialdekoa eta Venezuelakoa, estatu-kolpeen biktimak izaten ari direla.

"Ezin ditugu ahaztu Mendebaldeko boterearen biktima izan daitezkeen herrietan legez eratutako demokraziak desegonkortzeko erasoak eta saiakerak", ohartarazi du Boliviako presidenteak goi-bileran. "Venezuela eta bere petrolioa, Bolivia eta bere litioa, baita Honduras eta Kolonbia ere, euren kokapen geoestrategikoagatik", berretsi du Arcek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Txina Errusia Vladímir Putin NBE Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Turkia Venezuela Israel Palestina Brasil Bolivia Errusia-Ukraina gerra Ekialde Hurbila