Mundua -
Aintzatespena
Europako Parlamentuak Edmundo Gonzalez eta Maria Corina Machadori eman die aurtengo Sajarov saria
Europako ganberak urtero saritzen ditu kontzientzia askatasunaren alde lan egiten duten pertsona edo taldeak. Aurten, Venezuelako oposizioa zen faborito nagusi. 50.000 euro jasoko dituzte biek.
Agentziak | EITB Media
Venezuelako oposizioak, zehazki Edmundo Gonzalez Urrutiak eta Maria Corina Machadok, jasoko du 2024ko Sajarov saria. Europako Parlamentuak urtero banatzen du golardoa (50.000 euro), kontzientzia askatasunaren alorrean egindako ekarpena goratzeko.
Euroganberako iturriek baieztatu dutenez, talde parlamentarioen buruzagi gehienek egin dute Gonzalezen eta Machadoren alde. Izan ere, haiek ziren faborito nagusi, Europako Parlamentuak Gonzalez Venezuelako presidente legitimo gisa aitortu zuenetik.
Bigarren aldia da Venezuelako oposizioari saria ematen diotena. 2017an jaso zuten aurrenekoz; orduko hartan, Julio Borges Asanblada Nazionaleko presidenteari eta preso politikoei egin zieten aitortza.
1988az geroztik, urtero banatzen da Sajarov saria. Ordutik, besteak beste, honakoek jaso dute: Nelson Mandela Hego Afrikako buruzagia, Malala Yousafzai ekintzailea, Maiatzaren Plazako Amak eta Guillermo Fariñas eta Oswaldo Paya Sardiñas disidente kubatarrak.