Mundua -
Italia
Meloniren Gobernuak dekretu bat onartu du Albaniako deportazio zentroak blindatzeko
Hain zuzen ere, pertsona migratzaileak datozen "herrialde seguruen" zerrenda legez ezarriz saihestu nahi du Justiziaren debekua. Joan den astean, Gobernuaren deportazio plana bertan behera utzi zuen Italiako Justiziak, eta Albaniara eramandako migratzaileak itzultzea agindu zuen.
AGENTZIAK | EITB Media
Italiako Gobernuak dekretu bat onartu du gaur Albaniako deportazio zentroak blindatzeko helburuz.
Hain zuzen ere, pertsona migratzaileak datozen "herrialde seguruen" zerrenda legez ezarriz saihestu nahi du Justiziaren debekua.
Izan ere, joan den astean bertan behera utzi zuten epaileek Giorgia Meloni lehen ministroaren deportazio plana, eta Albaniara igorritako migratzaileak itzultzea agindu zuten.
"Horrek lehen mailako arau bihurtzen du (...) irakurketa argi baten aplikazioa eskaintzeko, gure ustez. Epaileenganako errespetu handiz diot", esan du Matteo Piantedosi Barne ministroak prentsaurreko batean.
Auziaren erdigunean Shengjin eta Gjader herri albaniarretan, Adriatiko itsasoaren beste aldean, Italiara iristen diren pertsona migratzaileak giltzapetzeko bi instalazio ireki izana dago, Edi Rama Albaniako lehen ministroarekin adostuta.
Joan den asteazkenean iritsi ziren lehen 16 pertsonak (Egipto eta Bangladeshtik) 'Libra' ontzi militarrean, baina horietako lau berehala itzuli behar izan zituzten Italiara, bi adingabeak zirelako eta beste bi "zaurgarriak" zirelako.
Hala ere, ostiralean, Erromako Auzitegiak ez zuen baliozkotu gainerako hamabi pertsonen atxikipena, eta Italiara itzultzeko agindua eman zuen.
Eztabaidaren gakoa "herrialde seguru" bezala hartzea da; izan ere, akordioaren arabera, ihes egiteko arrazoi objektiborik ez duten estatuetatik datozen pertsonak bakarrik bidali ahal izango dira Albaniara.
Zentzu horretan, Italiak segurutzat jotzen ditu 22 herrialde, joan den maiatzaz geroztik, tartean Egipto eta Bangladesh. Erromako Auzitegia, ostera, ez dago ados.
Bere ebazpenean, Luciana Sangiovanni Erromako Auzitegiko "pertsonen eskubide eta immigrazio" ataleko presidenteak Europar Batasuneko (EB) Justizia Auzitegiak Txekiar Errepublikan asiloa eskatu zuen moldaviar bati buruz urriaren 4an emandako epai bat hartu zuen oinarri.
Epai horretan, Europar Batasuneko Auzitegiak ezarri zuen herrialde bat segurutzat jo ahal izateko modu "homogeneoan" hartu behar dela, bere lurralde osoan eta bertako biztanle guztientzat. Egiptok eta Bangladeshek, epaile erromatarraren arabera, ez dute baldintza hori betetzen.
Meloniren alderdi ultraeskuindarrak ez ezik, Matteo Salviniren Ligak eta Antonio Tajaniren Forza Italiak ere, salatu dutenez, epaileak botere banaketa urratu du.
Bestalde, Meloniren Gobernua Kontu Auzitegiaren aurrean salatu du oposizioko M5S alderdiak, Albaniako zentro polemikoetara pertsona etorkinak bidaltzeko diru publiko "izugarria" xahutzeagatik.