Mundua -

erreferenduma

Moldaviak EBn sartzea errefusatu du eta gobernu europazaleak Errusiari egotzi dio erreferenduma manipulatzea

Presidente hauteskundeak ere izan dituzte, eta Maia Sandu egungo gobernuburuk irabazi ditu bozak, gehiengo osorik lortu ez badu ere. Bigarren itzulian, hautagai errusiarzalearekin lehiatu beharko da. Sandu presidenteak salatu duenez, baiezkoak irabaz ez zezan, milaka boto erosi ei ditu Kremlinek.

Emakume bat erreferedumean bozkatzen. EFE
Emakume bat erreferedumean bozkatzen.
Emakume bat erreferedumean bozkatzen. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Moldaviako herritarrek ezezkoa eman diote Europar Batasunean (EB) sartzeari. Konstituzio erreferenduma egin dute igandean Europa ekialdeko herrialdean, eta inkestek baiezkoak irabaziko zuela zioten arren, ezetza izan da nagusi. Moldaviako Gobernuak Errusiari egotzi dio porrota, emaitza manipulatu duelakoan.

"Talde kriminal bat 300.000 boto erosi nahian ibili dela frogatzen duen informazioa dugu. Aurrekaririk gabeko iruzurra da, eta gure demokrazia jokoan jartzea du helburu. Gizartean izua sortzea dute asmo", salatu du Maia Sandu Moldaviako jarduneko presidente eta baiezkoaren aldekoak prentsaurreko labur batean.

Botoen % 90 zenbatuta dagoela, herritarren % 53,96k egin dute EBn sartzearen kontra, eta % 46,04 agertu da alde.

Erreferendumaz gain, presidentea aukeratzeko hauteskundeak izan dituzte eta Sanduk irabazi du, gehiengo osoa lortu ez duen arren. Alexandr Soinanoglo hautagai errusiarzalearen kontrako lehiatu beharko da azaroan, bigarren itzulian.

Hauteskunde egunak agerian utzi du herrialdean dagoen zatiketa. Biztanleriaren zati bat EBn sartzearen aldekoa da: tartean daude errumanieraz mintzatzen direnak, gazteak eta diaspora. Beste zatiak ez ditu Errusiarekin dituen loturak apurtu nahi eta horien artean daude errusieraz ari direnak, "nostalgikoak" eta adineko pertsonak.

Errusiaren itzala eta Moldaviako krisia

Maia Sandu Moldaviako presidenteak Kremlini eta Ilon Shor oligarka errusiarzaleari egotzi dei referendumean iruzurra egitea, espresuki aipatu ez baditu ere. Bozketaren bezperan, Fiskaltzak Shorren kontrako akusazioa aurkeztu zuen, 15 milioi dolarren truke 130.000 boto erosten saiatzea egotzita.

Azken asteotan, "erreferendumarekin lotuta, Moldaviako egoera ezegonkortzeko saiakerak"   egotzi dizkiote EBk berak eta AEBk Moskuri, eta Kremlinen kontra zigor berriak iragar zituzten,

Dena dela, Moldavia ez dago bere onenean. Herrialdea Ukrainaren mugakidea da, eta gerrak eragin handia izan du ekonomian. Izan ere, milioi bat errefuxiatu ukrainarrek zeharkatu zuten muga gerra lehertu zenean, eta gaur-gaurkoz, 120.000 daude oraindik, ACNURren arabera. Horrez gain, pandemiaren ondorioek, aurrena, eta Errusiarekin izandako gatazka energetikoak, gero, inflazioa nabarmen igoarazi dute.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Errusia Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra