Mundua -

Ekialde Hurbila

Bidenek eta Scholzek uste dute Sinwar hiltzeak "atea irekitzen diola bakeari"

Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak "abagune" gisa ikusten du haren heriotza, eta "justizia une" bezala deskribatu du hilketa. Era berean, Alemaniako kantzilerrak adierazi du orain "su-etenerako benetako aukera" dagoela.

Joe Biden AEBko presidentea eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra, Berlinen. Argazkia: EFE
Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidentea eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra, Berlinen.
Joe Biden AEBko presidentea eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra, Berlinen. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak gaur adierazi dutenez, Yahya Sinwar Hamaseko buruzagiaren hilketak Gazan "bakerako bidea aurkitzeko atea irekitzea" espero dute. Israelek 42.400 gazatar hil ditu dagoeneko, Gazako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera; nazioarteko beste kalkulu batzuen arabera, aldiz, hildakoak 200.000 inguru dira.

Bidenek "abagune" gisa ikusten du Sinwarren heriotza, eta hilketa "justizia une" bezala deskribatu du Scholzekin Berlinen, Alemaniako hiriburuan, egindako agerraldian.

Scholzek, bere aldetik, orain "su-etenerako benetako aukera" dagoela uste du, baina "Israelek bere burua defendatzeko eskubidea" duela berretsi du. "Garrantzitsua da niretzat hori argi eta garbi esatea. Israelen alde gaude", nabarmendu du.

Era berean, Alemaniak "Israeli militarki laguntzen jarraitzeko" asmoa duela azpimarratu du, eta horrek "bere defentsa gaitasunak bermatzea" barne hartzen du, nahiz eta Israelek Gazako zerrenda setiaturik izan.

Israelek Yahya Sinwar Hamaseko buruzagia Gazan hil aurreko unearen bideoa zabaldu du
Israelek Yahya Sinwar Hamaseko buruzagia Gazan hil aurreko unearen bideoa zabaldu du
Israelek Yahya Sinwar Hamaseko buruzagia Gazan hil aurreko unearen bideoa zabaldu du

0:45

Bestalde, Khalil al-Hayya Hamaseko politburoko presidenteordeak gaur azaldu duenez, "Yahya Sinwar komandanteak loria martiri gisa aurkitu zuen, azken unera arte beldurgabe". "Gatibuak ez dira etxera itzuliko etsaiak erasoa amaitu, erabat erretiratu eta gure presoak askatu arte", ohartarazi du gatazkari konponbide bat emateko balizko akordioaz.

AEBko presidentea Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrarekin, Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin eta Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroarekin bildu da Berlinen, Ekialde Hurbileko egoera aztertzeko eta Ukrainari babesa emateko.

 Alemaniako kantzilerrarekin hitz egin aurretik, Bidenek bere lehentasunen artean aipatu du Ukrainari laguntza militarra, finantzieroa eta logistikoa eman behar zaiola, "negu gogorra" heldu aurretik bereziki.

Lau buruzagiak, Berlinen. Argazkia: EFE

Bidenen agurreko bisita da, bi aste eta erdian Kamala Harris hautagai demokrata eta presidenteordea eta Donald Trump presidente ohi eta hautagai errepublikanoa hauteskundeetan nor baino nor gehiago lehiatu aurretik, eta urtarrilean Etxe Zuria utzi baino lehen.

Trumpen balizko garaipen batek Atlantikoaz haraindiko harremanetan eta Ukrainako gerran izan dezakeen eraginaren inguruan kezka zabaldu da Berlinen, Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidenteak gaur Bideni Alemaniako sari zibil gorena emateko ekitaldian egindako hitzaldian onartu duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Alemania Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Joe Biden Olaf Scholz Ekialde Hurbila Hamas