Mundua -

Ekialde Hurbila

Iranek eta Hezbollahk "etsaiaren aurkako borrokan" jarraitzea hitzeman dute, Israelek Sinwar hil ostean

Turkiak ohartarazi duenez, Iranen eta Israelen arteko gerra bat hasteko "probabilitate handia" dagoela.

Hamasen eta Hezbollaharen aldeko kartelak, Yemenen. EFE
Hamasen eta Hezbollaharen aldeko kartelak, Yemenen.
Hamasen eta Hezbollaharen aldeko kartelak, Yemenen. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iranek eta Hezbolllahk iragarri dutenez, Israel "etsaiaren" kontrako erasoak areagotuko dituzte, honek Yahya Sinwar Hamaseko burua hil ostean. Biek ala biek uste dute Tel Avivek "martiri" eta "eredu" bihurtu dutela Hamaseko buruzagia. 

Iranek Nazio Batuen aurrean duen misio iraunkorrak ohartarazi du Sinwarren heriotzak Palestinaren "erresistentzia izpiritua indartuko" duela. "Okupazioa eta erasoak dauden bitartean, erresistentzia egongo da, martiria bizirik dago eta inspirazio iturri da", esan du Teheranen ordezkaritza diplomatikoak X sarean duen profilean. 

Misio irandarraren ustez, musulmanek Sinwar "zutunik, aire librean, ezkutatu gabe eta borrokan, etsaiari aurre eginez" ikusten dutenean, "gazte eta haurrentzat eredu bihurtuko da Palestina askatzeko bidean". 

Iranen eta Israelen arteko gerrarako aukera handia

Testuinguru honetan, Hakan Fidan Turkiako Atzerri ministroak esan du "probabilitate handia" dagoela Iranen eta Israelen arteko gerra baterako.

"Herrialde eta eskualde gisa, prest egon behar gara. Ez dugu gatazka zabaltzea nahi, eta Ekialde Hurbilean gerra amaitzeko eginahalak egiten ari gara. Azken 20 urteotan okupazioa eta hondamendia izan dira nagusi. Herrien segurtasun eta egonkortasuna bermatzeko ez litzateke gerrarik egon behar, baina Iranek bere burua defendatzeko jarduten badu, eskubidea du", esan du. 

Gazako egoera hizpide, Fidanek deitoratu du "nazioartea erabat itsu, gor eta isilik" dagoela. "Zoritxarrez, Gaza aire libreko hilerri bat bihurtu da. Dozenaka mila lagun genozidioa pairatzen ari dira", salatu du. 

Hezbolllahk borroken "fase berria" iragarri du

Bestalde, Hezbollah talde-milizia xiitak jakinarazi du Israelen kontrako borroketan "fase berria" abiatuko duela, eta datozen egunetan zehaztuko duela. 

Hezbollahren esanetan, "Libanoren kontrako Israelen erasoari aurre egiten jarraituko diogu", eta azaldu du Tel Avivek "galera handiak" izan dituela, bai militarren artean zein azpiegituratan. 

Miliziak zehaztu duenez, asteon "aurrez aurreko borroka latzak" izan dira eta hainbat soldatu hil dituzte eta 150 zauritu. Gainera, bederatzi Merkava tanke eta lau hondeatzaile suntsitu dituzte. 

Lurreko borrokez gain, misilen jaurtiketa "egunez egun handitzen" joan dira. "Doitasun handiko misilak erabili ditugu lehen aldiz", iragarri du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Turkia Iran Israel Ekialde Hurbila Hamas