Mundua -

Ekialde Hurbila

Netanyahu, Israelek Sinwar hil ondoren: "Hamasek jada ez du Gaza gobernatuko"

"Gaur gaiztakeriak kolpe gogorra jaso du, baina aurretik genuen misioa oraindik ez da bukatu", esan du Israelgo lehen ministroak bere ohiko tonu belizistan.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Irudia: AFP agentzia
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Irudia: AFP agentzia
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Irudia: AFP agentzia

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ziurtatu duenez, gaur "Hamasen osteko garaiaren hasiera da", Yahya Sinwar talde islamistako buruzagiaren hilketa baieztatu eta berehala.

"Berriro esan nahiko nuke, modurik argienean: Hamasek jada ez du Gaza gobernatuko. Hau Hamasen osteko garaiaren hasiera da, eta hau aukera bat da zuek, Gazako bizilagunak, azkenean bere tiraniatik libratzeko", adierazi du buruzagi israeldarrak mezu batean.

"Eskualdeko jendeari esaten diot: Gazan, Beiruten, eskualde osoan, gaiztakeria atzera egiten ari da, eta argia tokia bereganatzen ari da", gaineratu du Netanyahuk, bere Armadak hildako Hamaseko zein Hezbollahko sei buruzagi eta komandanteren abizenak zerrendatu aurretik.

Buruzagi sionistak bere ohiko tonu belizistan berretsi duenez, herrialdea "berpizkunde gerran" murgilduta dago oraindik, eta Jainkoaren laguntza eskatu du, "oraindik erronka handiak daudelako aurretik".

"Gaur gaiztakeriak kolpe latza jaso du, baina aurretik genuen misioa oraindik ez da bukatu. Bahituen familia maiteei esaten diet hau une garrantzitsua dela gerran. Gure indar guztiekin jarraituko dugu zuen senide guztiak, gure maitatuak, etxera itzuli arte", errepikatu du.

Netanyahuk ez ezik, Israelgo beste agintari batzuek ere hizpide izan dute Sinwarren heriotza. Yoav Gallant Defentsa ministroaren hitzetan, Hamaseko buruzagi nagusia "desagerraraztea mezu argia" da "erorien eta bahituen familientzat". "Ahal dugun guztia egiten ari gara, eta horretan jarraituko dugu", azpimarratu du.

Bestalde, Isaac Herzog Israelgo presidenteak zoriondu egin ditu Armada eta segurtasun zerbitzuak Sinwar "artxiterroristaren" hilketagatik, "urriaren 7ko erasoen antolatzailea" eta "urteetan zehar zibil israeldarren eta beste herrialde batzuetako herritarren aurkako terrorismo atentatu izugarrien erantzule" izan delako.

Itamar Ben Gvir Segurtasun Nazionaleko ministro ultraeskuindarrak sare sozialak ere erabili ditu Rafahko hirian egindako operazio "historikoari" buruz hitz egiteko, eta "erabateko garaipena lortu arte indar guztiekin jarraitzeko" eskatu die Israelgo soldaduei.

Halaber, Bezalel Smotrich Finantza ministro ultraeskuindarrak "Israelgo herri osoa" zoriondu du, eta agintari soldaduei dei egin die "Gazan Sinwar hilda dagoela ez dakien inor ez dagoela" ziurtatzeko, "presio militarra" areagotzen duten bitartean. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila Hamas Benjamin Netanyahu