Mundua -

Gaza erasopean

Gutxienez 28 pertsona hil ditu Israelek Yabaliako eskola baten aurka egindako bonbardaketan

Israelgo Armadak eskolaren zati bat "kontrol gela" gisa erabiltzea leporatu die miliziei, baina Hamasek erabat ukatu du hori, eta baieztapen horiek "etsaiak holokaustoa justifikatzeko darabiltzan gezur hutsak" direla esan du.

Al-Maghazin ere izan dira erasoak ostegun honetan. EFE
Al-Maghazin ere izan dira erasoak ostegun honetan. EFE
Al-Maghazin ere izan dira erasoak ostegun honetan. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enegarrenez egin dio eraso Israelek UNRWAren eskola bati. Gaur Yabalian izan da erasoa, errefuxiatu-eremuan dagoen eskolan eta 28 pertsona hil ditu Armada israeldarrak han, horietako asko haurrak, eta 160 zauritu dira. 

Bonbardaketak hainbat sute utzi ditu UNRWAren Abu Husein Lehen Hezkuntzako Eskolan. Erasoaldiaren ondorioz desplazatutako ehunka lagun bizi dira bertan. 

Hildako eta zaurituetako batzuk Kamal Adwan eta Al Awda ospitaleetara eraman dituzte, iparraldean, nahiz eta larrialdietako zerbitzuak gainezka dauden etengabeko erasoen, blokeoaren eta osasun-instalazioen suntsipenaren ondorioz.

Israelgo Armadak eskola horretan "kontrol-gela" bat izatea leporatu die Hamasi eta Jihad Islamikoari, bertatik komandoak koordinatzeko.

Hamasek errotik ukatu du UNRWAren eskola hori, ehunka lagunentzako babesleku dena, helburu militarrekin erabili izana, eta Israelek egindako "sarraski lazgarria" salatu du, "plan terrorista eta kriminalaren barruan" kokatzen dena.

"Gazako Zerrendako iparraldean holokaustoa, genozidioa eta desplazamendu sistematikoa jasaten ari dira mundu guztiaren aurrean; lotsa-orban behar luke horrek gizateria babesteko gai ez diren nazioarteko egitura horien aurpegian", salatu du Hamasek ohar batean.

"Abu Husein Eskola erresistentzia helburuekin erabiltzen dela dioten okupazio terroristaren baieztapenak gezur hutsak dira, etsaiak holokaustoa eta lekualdatutako pertsona errugabeen aurka egindako krimenak justifikatzeko erabiltzen dituen gezurrak", gaineratu du talde palestinarrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Ekialde Hurbila