Mundua -

Ekialde Hurbila

Israelek berriro eraso dio NBEk Libanon duen misioari, zaintza-dorre bati, zehazki

Gainera, Israelgo Armadak 138 aire-eraso eta bonbardaketa egin ditu azken 24 orduetan Libanoko hainbat tokitan, batez ere herrialdearen hegoaldean. Horietako batean, Nabatiyen, gutxienez 16 pertsona hil dituzte, tartean bertako alkatea. Erasoak udaletxea jo du.

Israelgo soldaduak eta tanke bat Libanon. Argazkia: EFE
Israelgo soldaduak eta tanke bat Libanon. Argazkia: EFE
Israelgo soldaduak eta tanke bat Libanon. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Libanon duen misioak (UNIFIL) gaur salatu duenez, Israelgo Armadak berriz egin die eraso Libano hegoaldean, Kafer Kela hiritik gertu dagoen zaintza-dorre baten aurka oraingoan, Metula hiritik kilometro gutxira.

Israelgo Defentsa Indarren (FDI) 'Merkava' tanke batek UNIFILen azpiegituraren kontra tiro egin du, eta, ondorioz, bi zaintza-kamera suntsitu eta dorrean kalteak eragi ditu, Libanoko Nazio Batuen nazioarteko misioak bere webgunean azaldu duenez.

"Beste behin ere, UNIFILen aurkako eraso zuzena eta, itxuraz, nahita egindakoa da", dio idatziak, eta FDIri eta "eragile guztiei" gogorarazi die "NBEko langileen eta ondasunen babesa eta segurtasuna bermatzeko eta Nazio Batuen instalazioen bortxaezintasuna errespetatzeko" betebeharra dutela.

Nazio Batuen Erakundeak Libanon duen misioaren kontrako hainbat erasoaldi egin ditu Israelgo Armadak dagoeneko, eta zenbait 'kasko urdin' zauritu dituztela baieztatu du, baita Israelen tanke bat bere baseetako batean sartu dela ere.

Bestalde, Israelgo Armadak 138 aire-eraso eta bonbardaketa egin ditu azken 24 orduetan Libanoko hainbat tokitan, batez ere herrialdearen hegoaldean, Libanoko Gobernuak gaur jakitera eman duenez.

Gutxienez 16 pertsona hil dituzte gaur, tartean Ahmed Kaheel Libanoko Nabatiye hiriko alkatea, Israelgo Armadak egindako bonbardaketa batean. Gainera, 52 pertsona zauritu dituzte eraso horretan.

Erasoak udalerriaren erdigunean dagoen udaletxea jo du, eta, ondorioz, hildakoen artean tokiko gobernuaren egoitzako hainbat langile daude. Uztailaren hasieran elikagaiak eta sendagaiak biltzeko eta bizilagunen artean banatzeko ekimena jarri zuten martxan udalak, Libanoko An Nahar egunkariaren arabera.

Nayib Mikati herrialdeko behin-behineko lehen ministroak gogor gaitzetsi du Israelek Nabatiyen "nahita" egindako erasoa.

Mikatik salatu duenez, Israelek Libanoren aurka egiten ari den erasoa "nazioartearen begiradapean gertatzen ari da, eta isilik jarraitzen du". "Horrek Israeli bidea libre uzten dio krimenekin jarraitzeko", gaineratu du. "Herrialde guztiak ez badira gai Israel erasotzeari uzteko behartzera, baliagarria al da Segurtasun Kontseilura jotzea su-etena eskatzeko?", kritikatu du.

Libanoko Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, Israelek gutxienez 2.367 pertsona hil ditu gatazka hasi zenetik, eta beste 11.088 zauritu. Era berean, adierazi du 331.834 siriar eta 129.338 libanoar Siriara igaro direla irailaren 23tik urriaren 16ra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE Eguneko albisteak Albisteak Israel Ekialde Hurbila Libano