Mundua -

PROFILA

Kamala Harris, ibilbide profesionala hesiak gaindituz egin duen emakumea

Egungo AEBtako presidente-ordea da Alderdi Demokratak Joe Bideni erreleboa hartu eta presidente izendatzeko proposatu duen hautagaia.

Kamala Harris hautagai izendatu zuen Konbentzioan. Argazkia: EFE.
Kamala Harris hautagai izendatu zuen Konbentzioan. Argazkia: EFE.
Kamala Harris hautagai izendatu zuen Konbentzioan. Argazkia: EFE.

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kamala Harris, AEBetako presidente-ordea, aukeratu du Alderdi Demokratak azaroaren 5eko presidentetzarako hauteskundeetan Donald Trump hautagai errepublikarrari aurre egiteko. Harrisek politikan eta justizian egin du ibilbide profesionala eta, kasu askotan, hesiak gainditzen aritu da.

1964ko urriaren 20an jaio zen Oaklanden (Kalifornia) Kamala Harris. Aita ekonomiako irakaslea zuen eta ama, berriz, medikua. Haurra zela banandu ziren gurasoak eta Politiko hedabidearen arabera, handik aurrera, ama arduratu zen Kamalaren eta bere ahizparen hezkuntzaz. Howard Unibertsitatean Zientzia Politikoak eta Ekonomia ikasi zituen eta, ondoren, Zuzenbidean doktoretza egin zuen Kaliforniako Unibertsitatean. 2014tik Douglas Emhoffekin dago ezkonduta.

Eskubide sozialen defentsa etxetik datorkion kontua dela aitortu du 2021ean kaleratutako The trust we hold liburu autobiografikoan. Hasteko, Jamaikako eta Indiako migratzaileen alaba da eta kultura ezberdinak uztartzen zituen komunitate batean hazi zen. Horrez gainera, bere ama, Shyamala Gopalan, hainbat eskubideren defentsan ekintzaile gisa aritu izan zen eta alabak bide horretan hezi zituen.

Fiskaltzetako lana

Abokatu eta fiskal gisa aritu zen lanean lehen urteetan eta hainbat gai sozialetan espezializatu zen, besteak beste, adin txikikoei egindako sexu eraso kasuetan. 2004tik 2011ra bitartean, San Francisco distrituko fiskal aukeratu zuten. Urte hauetan LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen eskubideen defentsan aritu zen eta bera izan zen kolektibo honetako lehen ezkontza gidatu zuen.

2010en Kaliforniako fiskal nagusi kargurako hautatu zuten. Kargu hori bete zuen lehen emakumea izan zen. Denbora tarte honetan hipoteketan egindako iruzurraren kontrako borrokan aritu zen eta etxeak bahitu zizkietenentzako ordainak lortu zituen. Ingurugiroari buruzko eta Osasunari buruzko kasuak ere izan zituen esku artean. 2014an karguan jarraitzeko aukeratu zuten eta 2017 arte aritu zen horretan.

Argazkia: EFE.

Politikarako saltoa

2017tik 2021era bitartean, AEBetako senataria izan zen. Hain zuzen ere, Kaliforniako hautetsi gisa kargu hori bete zuen arraza beltzeko eta Indiako jatorriko lehen emakumea izan zen. Tarte honetan armen kontrolaren alde aritu zen eta osasun eta zerga sistemak aldatzea proposatu zuen.

2020an AEBetako presidentetzarako bideari ekin zion. Hasiera batean, Joe Bidenen aurka lehiatu zen Alderdi Demokrataren barruan baina, behar adina diru lortu ez zuenez, primarioen aurretik bere hautagaitza atzera bota zuen. Joe Bidenek presidente orde izateko hautagai aukeratu zuen eta hauteskundeak irabazi zituzten. 2021eko urtarrilaren 20an karguaren zina egin zuen Harrisek. Kasu honetan ere, kargua bete duen lehen emakumea, arraza beltzeko lehen emakumea eta jatorri asiarreko lehen emakumea izan zen.

Aditu askoren ustez, presidente orde gisa, ez da asko nabarmendu. Hala ere, emakumeen ugalketa eskubideen defentsan aritu izan da eta kanpo gaietan ere aritu izan da. Israel Ekialde Hurbilean egiten ari den erasoen inguruan modu kritikoan hitz egin zuen uztailean eta Netanyahuri Gazako gerra amaitzeko ere eskatu zion. Ondoren, ordea, bere babes osoa eskaini dio eta defentsarako behar duena agindu dio.

2024ko hauteskundeei begira, Joe Bidenen jarraitzeko gaitasuna zalantzan jarri zenean, presidentea irmo defendatu zuen. Uztailean Bidenek amore eman zuenean, begirada guztiak Kamala Harrisengan jarri ziren eta Alderdi Demokratak abuztuan egindako konbentzioan ofizialki izendatu zuen hautagai. AEBetako biztanle guztientzat gobernatuko duela esanez ekin zion kanpainari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo munduko albisteak Ameriketako Estatu Batuak bideoak Hauteskundeak AEB albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Ameriketako Estatu Batuetako presidentegaia