Mundua -
ESKOZIA
Alex Salmond Eskoziako lehen ministro izandakoa hil da, 69 urte zituela
Bera zen gobernuburua Eskozian 2014an independentzia erreferenduma egin zutenean.
EITB Media
Alex Salmond Eskoziako lehen ministro izandakoa hil da, 69 urte zituela, Erresuma Batuko hedabideek, BBC irrati telebista publikoak tartean, jakitera eman dutenez.
Erresuma Batuko hedabide publikoaren arabera, bat-batean hil da, Ipar Mazedonian hitzaldi bat ematen ari zela ondoezik sentitu ostean.
Alex Salmondek adostu zuen Erresuma Batuko Gobernuarekin independentziari buruzko erreferenduma egitea, eta bera zen gobernuburua 2014an plebiszitua egin zutenean ere. Nazionalista eskoziarrak baiezkoaren aldeko kanpaina egin zuen, baina Eskoziako boto-emaileen gehiengoak ezetz bozkatu zuen (% 55,3k ezetz, % 44,7k baietz) 2014ko irailaren 18an egindako erreferendumean.
Porrota jaso ondoren, Salmondek dimisioa eman, eta Eskoziako lehen ministro kargua utzi zuen.
2004tik 2014ra SNP Eskoziako Alderdi Nazionalistako burua ere izan zen, 2014ko azaroan bere ondorengoari (Nicola Sturgeon) erreleboa eman zion arte.
2018an, SNP alderdiaren krisi batean, alderdia utzi, eta Alba alderdia sortu zuen. Gaur egun, Albak ordezkari bat dauka Eskoziako Parlamentuan.
Bestalde, 9 emakumeri 13 sexu delitu egin izana leporatu zioten, baina gerora Eskoziako Auzitegi Nagusiak absolbitu egin zuen.
Heriotzaren osteko erreakzioak
Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak Eskoziako lehen ministro ohiaren bat-bateko heriotzaren aurrean "tristura" azaldu du X sare sozialean zabaldu duen mezu batean, eta dolumina adierazi dio familiari. 2014an Eskozian autodeterminazio erreferenduma bultzatu izana goraipatu du, eta "Kataluniaren benetako laguna" zela gaineratu.
Era berean, Pere Aragones Kataluniako presidente ohiak ere erreferente independentistatzat jo du Salmond. "Bere herrialdearekiko grina erakutsi zuen. Independentziaren alde borrokatzen garen herrietan erreferente den gizon bat galdu dugu", nabarmendu du X sare sozialean.
Marta Vilalta ERCko bozeramaileak "tristura handia" duela adierazi du sare sozial berean. "Eskoziako independentziaren aldeko borrokan giltzarria izan zen, eta, ondorioz, gure etorkizuna askatasunez erabakitzeko asmoa dugun herri guztiena ere bai", esan du.
Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak eta John Swinney Eskoziako lehen ministroak ere doluminak adierazi dituzte Salmonden heriotzaren aurrean.