Mundua -

EKIALDE HURBILA

Israelgo Armadak gutxienez 22 pertsona hil ditu Jabaliako errefuxiatu-eremuaren aurka egindako eraso batean

Farhan Haq NBEren bozeramaileak salatu duenez, urriaren 1etik ez da elikagairik sartu Gazako zerrendaren iparraldean. Bien bitartean, Israelgo Armadak hainbat herri husteko agindua eman du Gazan eta Libanon.

Israelgo Armadak Jabalian egindako eraso bat. Agentziek bidalitako bideo batetik ateratako irudia
Israelgo Armadak Jabalian egindako eraso bat.
Israelgo Armadak Jabalian egindako eraso bat. Agentziek bidalitako bideo batetik ateratako irudia

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 22 pertsona hil ditu bart Israelgo Armadak Jabalia hiriko errefuxiatu-eremuaren aurka egindako erasoan, Gazako zerrendaren iparraldean, Palestinako hedabideek jakitera eman dutenez.

WAFA Palestinako albiste-agentziaren arabera, Israelgo Armadaren hegazkinek Jabaliako etxebizitzak bonbardatu dituzte, meskita baten alboan. Erasoan, lau etxebizitza kaltetu, eta hainbat pertsona hondakinen artean harrapatuta geratu dira. Hildakoen artean haurrak eta adineko pertsonak daude.

Bien bitartean, elikagai, sendagai eta ur eskasia geroz eta larriagoa da errefuxiatu-eremuan.

Gainera, Gaza iparraldean egindako beste eraso batzuetan hildakoak aintzat hartuz gero, 49 dira Israelek azken orduotan egindako bonbardaketetan hildakoak.

Hildako horiek ere zenbatuta, Israelgo Armadak 42.175 pertsona hil ditu urtebetean, eta Gaza iparraldeko ospitaleak gainezka daude. Halaber, 10.000 gorpu inguru baino gehiago daude oraindik suntsitutako eraikinen artean harrapatuta, Gazako Osasun Ministerioaren arabera.

Urriaren 1etik ez da elikagairik sartu Gazako zerrendaren iparraldean

Farhan Haq NBEko idazkari nagusiaren bozeramaileak ostiralean salatu duenez, Gazako zerrendara doazen errepide nagusiak itxi dituzte, eta, ondorioz, urriaren 1etik ez da elikagairik sartu bertan.

Elikagaien Munduko Programak emandako datuen arabera, Gaza iparraldean zituen azken janari erreserbak banatu ditu dagoeneko, eta gehienez ere bi asteko epean agortuta egongo dira. "Sukalde, banaketa puntu eta okindegi asko itxi egin dituzte, eta erasoaldiak jarraitzen badu, beste asko ere itxi beharko dituzte", gaineratu du.

Israelgo Armadak hainbat gune husteko agindua eman du Gazan eta Libanon

Ekialde Hurbileko egoera baretzetik urrun, Israelgo Armadak Gaza hiritik iparraldera dagoen eremu guztia husteko agindu du larunbat honetan. Itxura guztien arabera, Gaza hiria izango da erasoen hurrengo jopuntua.

Bestalde, Libano hegoaldeko beste 22 herri husteko ere agindu du Israelgo Armadak, Hezbollahren aurkako borrokak gogortu egingo dituelako. Hori dela eta, Awali ibaitik iparraldera joateko eskatu die zibilei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila