Mundua -

Ekialde Hurbila

Israelek Gazako eskola baten aurka egindako eraso batean 28 pertsona hil eta 50 baino gehiago zauritu ditu

Hamasek salatu du eskola baten aurkako erasoa "sarraski izugarria eta basatia" izan dela. Ikastetxea, Gazako eskola gehienak bezala, babesleku bihurtu da gatazkako errefuxiatuentzat. Zehazki, 3.000 pertsona inguru zeuden.

Rufaida ikastetxea, Deir al Balahen, Israelek egindako bonbardaketaren ostean. Argazkia: EFE
Rufaida ikastetxea, Deir al Balahen, Israelek egindako bonbardaketaren ostean. Argazkia: EFE
Rufaida ikastetxea, Deir al Balahen, Israelek egindako bonbardaketaren ostean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 28 pertsona hil ditu gaur Israelek Deir al-Balah hirian, Gazako zerrendaren erdialdean, errefuxiatu palestinarrak hartzen zituen eskola baten aurka egindako erasoan, Osasun Ministerioak baieztatu duenez.

Palestinako Ilargi Gorriaren eta Osasun Ministerioaren arabera, gutxienez 54 zauritu eraman dituzte ospitaleetara, baina Gazako Gobernuak salatu du guztira 92 pertsona inguru zauritu direla, gehienak emakumeak eta haurrak.

Ohar batean, Hamas mugimendu islamista palestinarrak salatu du Rufaida eskolaren aurkako erasoa "sarraski izugarria eta basatia" izan dela.

Ikastetxea, Gazako gehienak bezala, gatazkako errefuxiatuentzako babesleku bihurtu da, eta Palestinako Ilargi Gorriaren kuartel nagusitik gertu dago, Deir al-Balah hirian.

Palestinako iturrien esanetan, 3.000 pertsona inguru zeuden bertan, horietako asko Jabaliatik, Gaza iparraldetik, etorriak; izan ere, Israelgo Armada bertako errefuxiatu-eremuaren aurkako hirugarren erasoaldia egiten ari da lurretik.

Emakume bat negarrez, Rufaida eskolan (Gaza). Argazkia: EFE

Israelgo F-16 hegazkin batek egindako bonbardaketak "eskolako hormigoizko hiru geruzak" zeharkatu ditu, eta eskolan "sarraskia" egin du. "Haragia eta gorputz atalak txoko guztietatik sakabanatu dira, eta jolastokia estali dute", azaldu dutenez.

Gazako agintarien hitzetan, Israelek bazekien ikastetxea milaka zibilen babeslekua zela.

Al Aqsako Martirien Ospitalean (hiriko garrantzitsuenetako bat), gutxienez 50 zauritu hartu dituzte, Bassem al Najjar osasun zentroko Erizaintzako arduradunak jakitera eman duenez. Paziente batzuk lurrean artatu behar izan dituzte, ez baitute lekurik.

Israelgo Armadak baieztatu egin du erasoa. Azpiegitura zibila bonbardatzen duen guztietan bezala esan ohi duenez, "Hamaseko milizianoek gotorleku gisa erabiltzen zuten ikastetxea". Azken asteotan, indar armatu israeldarrek aitortu dute hainbat bonbardaketa egin dituztela Hamaseko borrokalariak ezkutatzen ziren eskolen aurka.

Asteazkenean, Israelek Jabaliako errefuxiatu-eremuko ospitale baten aurka egindako eraso batek gutxienez 18 hildako utzi zituen.

2023ko urriaren 7tik, 42.000 pertsona baino gehiago hil ditu Israelek Gazaren aurka etengabe egindako erasoetan, zerrendako agintarien arabera. Hala ere, beste estimazio batzuen arabera, ia 200.000 dira hildakoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila