Mundua -
Ekialde Hurbila
Netanyahu: "Milaka terrorista hil ditugu, baita Nasrala, bere ondorengoa eta ondorengoaren ondorengoa ere"
Gainera, Netanyahuk mehatxua egin die libanoarrei, "Gazan ikusten dugunaren antzeko suntsipena eta sufrimendua ekarriko duen gerra luze bat" aipatuta.
Agentziak | EITB Media
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ziurtatu duenez, Libanoren kontrako bonbardaketetan Hashem Safi al Din hil du, hau da, Hezbollahren aginduan Hasan Nasralaren ustezko oinordekoa zena, baita hura ordezkatzeko beste aukera ere.
"Hizbularen gaitasunei kalte egin diegu. Milaka terrorista desagerrarazi ditugu, Nasrala bera barne, baita Nasralaren ondorengoa eta ondorengoaren ondorengoa ere", esan du ohar batean.
Gainera, Netanyahuk mehatxua egin die libanoarrei, "Gazan ikusten dugunaren antzeko suntsipena eta sufrimendua ekarriko duen gerra luze bat" aipatuta.
Irandarrekin egin zuen bezala, Israelgo lehen ministroak gerra psikologikoa erabili du libanoarrei dei egiteko "Libano Hezbollahtik aska dezaten". "Libano salbatzeko aukera dute, amildegian erori baino lehen", esan du.
Israelek Libanoko lurraldea ia bi hamarkadaz okupatu zuen, eta, orain, berriro inbaditu du. The Times of Israel egunkariaren arabera, 15.000 soldadu israeldar baino gehiago sartu dira Libanon.
Libanoren aurkako erasoek 2.119 pertsona hil dituzte, gehienak azken bi asteetan egindako bonbardaketetan, baita Beirut hiriburuaren kontra ere.
Naim Qassem Hezbollahko idazkariorde nagusiak adierazi duenez, Israelek "ez ditu bere helburuak lortuko" eta Libano hegoaldean "garaitua" izango da.
Israelgo Armadak baja ugari izan ditu Hezbollaren aurkako borroka eremuan. Gaur, miliziak ehun bat misil jaurti ditu Haifa eta Israel iparraldearen aurka. Gainera, Irakeko miliziek ere bat egin dute erresistentzia mugimenduarekin, eta hainbat biktima eragin dituzte Israelgo base militarretan, Golango gainetan, Israelek okupatutako Siriako lurraldean.
Bestalde, NBEk ohartarazi du milioi bat pertsonak baino gehiagok laguntza behar dutela bizirauteko, herritarren osasunerako arrisku larriak baitaude.
ACNURen kalkuluen arabera, 250.000 pertsonak ihes egin dute Libanoko Errepublikatik Siriako Errepublika Arabiarrera, eta OMEk ohartarazi du barne-desplazatuen artean epidemia-agerraldiak izateko arrisku handia dagoela.
Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri gaietarako goi-ordezkariak Israeli "arma gutxiago" ematearen alde egin du, gatazka gelditzeko. "Kontua ez da Israel babesik gabe uztea, ez baitago babesik gabe. Israelek Ekialde Hurbileko armadarik boteretsuena du gaur egun, jakina, mendebaldearen laguntzari esker ", esan du Borrellek.