Mundua -
Urteurrena
Dagoeneko "gogotik ordaindu badu ere", Israel "deuseztatzeko" borrokan jarraituko duela esan du Hezbollahk
Hamasek Israelen kontra egindako erasoaren urtemuga dela eta, oharra kaleratu du Libanoko talde xiitak. Horren ustez, Tel Aviven "basakeria eta erasoa gorabehera, agerian geratu da AEBren babesik ezean, Israel ez dela bizirauteko gai".
Agentziak | EITB Media
Hezbollah Libanoko milizia xiitak azpimarratu duenez, Israelen "erasoari aurre egiten" jarraituko du hura "deuseztatu" arte. Izan ere, talde xiitaren ustez, Israel "deuseztatu beharreko minbizia erasokor eta hilgarria da".
Hamasek eta beste talde palestinar batzuek Israelen kontra duela urtebete egindako erasoaren urtemuga baliatuta, oharra kaleratu du alderdia ere badenak. Azpimarratu duenez, iazko urriaren 7an Hamasek egindakoa "operazio heroikoa" izan zen, "argi utzi zuena Palestinaren erresistentziarako borondatea, herri zapaldu horrek 1948tik jasan duen eraso, bidegabekeria eta okupazioaren kontra". Hala, talde libanoarrak uste du Palestinak defendatzeko eskubidea duela.
12 hilabete hauetan, aitortu duenez, Libanoko herriak zein Hezbollahk berak "gogotik ordaindu dute". Ingurumari horretan, taldearen zuzendaritzaren zati bat hil izana aipatu du, tartean Hasan Nasrala buruzagia. Dena dela, ziur agertu da "erasoari aurre egiteko ahalmena" izango dutela Israel "desagerrarazi arte".
Hezbollahk esan du Israelek "basakeriak eta okupazioak dozenaka mila palestinarren martiria eta Gazaren hondamendia" eragin dutela, baina era berean, agerian utzi dutela "Israelen ahultasuna". "AEBren babesik ezean, Israel ez da bizirauteko gai", gaineratu du.
Hori horrela, AEB eta bere aliatuak Ekialde Hurbileko "heriotzen, hilketen, injustiziaren eta giza tragediaren erantzule" egin ditu.
Azkenik, Yemendik huthiek eta Iraketik milizia irandarrek Israeli egindako erasoak txalotu ditu Hezbollahk, baita Iranek misilekin egindakoa ere. Azken horrek, betiere miliziaren arabera, "ondorio eta emaitza handiak izan zituen etsai sionistaren kontrako borrokan".