Mundua -

EKIALDE HURBILA

Milaka pertsona elkartu dira Bilbon eta Iruñean palestinar herriaren eta erresistentziaren alde

Eguerdian abiatu da, Jesusen Bihotzetik, eta udaletxearen aurrean amaitu da, Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta. Ibilbidean zehar espaloietan zain zeuden pertsona askok bat egin dute protestarekin. Arratsaldean, antzeko irudia errepikatu da Iruñean.

Palestinaren aldeko manifestazioa, Bilbon, abiatzear. Argazkia: EITB
Palestinaren aldeko manifestazioa, Bilbon, abiatzear. Argazkia: EITB
Bilbok bat egin du palestinar herriarekin

0:56

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka pertsonak Bilboko erdiguneko kaleak zeharkatu dituzte gaur Palestinako herriari eta erresistentziari elkartasuna adierazteko, Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta. Manifestazioaren buruan ikurrina bat eta bandera palestinar handi bat izan dira.

"Ez da gerra bat, genozidioa da", "Europa babeslea, Israel hiltzailea" eta "Palestina askatu, Israeli boikota" leloak oihukatu dituzte bertaratutakoek. "Palestina, ez zaude bakarrik" edo "Satanyahu, presidente" zioten kartelak ere eraman dituzte manifestariek.

Esther Muñoz plataformako bozeramaileak hedabideen aurrean adierazi duenez, protestaren helburua Israelen legez kanpoko okupazioaren aurrean palestinarren erresistentziari "babes irmoa" erakustea da, baita "Israelekin konplizitate mota guztiak hausteko beharra berrestea" ere.

"Estatu sionista 'desnormalizatu' behar da, azken egunotan bere benetako xedea eta anbizio espantsionistak argi uzten ari baita, eskualdeko beste herri batzuei eraso eginda", azpimarratu du.

Martxa Bizkaiko hiriburuko udaletxearen aurrean amaitu da, eta ibilbidean zehar espaloietan zain zeuden pertsona askok bat egin dute protestarekin.

Milaka lagun ere, Iruñean

Arratsaldean, antzeko irudia errepikatu da Iruñean. Manifestazioaren buruan, "Genozidio bat, 76 urteko erresistentzia" leloa zuen pankarta bat jarri dute, euskaraz eta gaztelaniaz, eta, ondoren, Palestinako bandera handi bat. Deitzaileen arabera, 12.000 pertsona baino gehiago elkartu dira mobilizazioan; Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzaren arabera, aldiz, 2.000 baino ez.

Palestinako banderak goian, zapi palestinarrak lepoan, manifestari ugari bildu dira, horietako batzuk pankarten atzean kokatu dira. Pankarta horietan, hainbat arlotako kolektibo eta profesional gisa identifikatu dira, Palestinari elkartasuna adierazteko, hala nola suhiltzaileak, kirolariak, osasun-langileak, berriemaileak edo irakasleak. Horiek guztiek, beste milaka lagunekin batera, San Juan auzotik Sarasate pasealekuraino egin dute aurrera, hiriaren erdialdean.

Palestinarekiko elkartasun uholdea Iruñean, ''Genozidio bat, 76 urteko erresistentzia'' lelopean
Palestinarekiko elkartasun uholdea Iruñean, ''Genozidio bat, 76 urteko erresistentzia'' lelopean
Palestinarekiko elkartasun uholdea Iruñean, ''Genozidio bat, 76 urteko erresistentzia'' lelopean

1:04

Lidon Soriano ekintzaileak kazetariei azaldu dienez, martxak "gobernuei gogorarazi nahi zien nazioarteko ebazpenak bete behar direla".

"Gobernuak behartuta daude nazioarteko zuzenbidea betetzera ez ezik, betearaztera ere. Eta betetzen ez duenari zigorrak ezarri behar dizkiote", azpimarratu du Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegia eta Nazio Batuen Erakundea Israelen erasoen aurka egin agertu direla gogorarazi ostean.

"Israeli zigorrak ezarri behar zaizkio. Israelekin mota guztietako harremanak eten behar dira. Israel isolatu egin behar da, legeak hala aginduta", nabarmendu du Sorianok.

Bestalde, "herri palestinarrak, herri okupatua den aldetik, bidezko erresistentziarako eskubidea du", "proportzionaltasunean eta helburu zibilen eta militarren arteko bereizketan" oinarrituta, eta bi horiek "Israelek sistematikoki urratzen ditu".

"Gobernuen arduragabekeriaren aurrean, berriro aterako gara kalera, duela urtebete ez baitzen ezer hasi. Israelek 76 urte daramatza erasoak egiten, ez bakarrik Palestinan, baita Libanon eta Sirian ere, gerraren globalizazio horren bila", esan du bozeramaileak.

Gaurko protestaren aurretik, plataformako zenbait kidek 24 orduko "elkartasun baraualdia" egin dute Iruñean, Sakanan, Gasteizen, Donostian eta Bilbon, eta, aldi berean, Palestinan gertatzen ari denaren berri emateko bestelako ekintza batzuk antolatu dituzte.

Ekimenarekin "kontzientziak xaxatu" nahi dituzte, "indarrak batu eta mobilizatzeko"; izan ere, "oso garrantzitsua da", horien ustez, "Israelen proiektu sionista desnormalizatzea, borrokatzea eta boikotatzea, eta estatu terrorista babesten dutenak jomugan jartzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Iruñea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Manifestazioak