Mundua -

Ekialde Hurbila

Israelek herrialdean sartzea debekatu dio Guterresi, Iranen erasoa "ezbairik gabe" ez gaitzesteagatik

Israel Katz Atzerri ministroak jakinarazi du erabakia, atzo NBEren idazkari nagusiak kaleratutako oharra oinarri hartuta. Buruzagi portugaldarrak "Ekialde Hurbileko gatazka hedatzea" deitoratu zuen eta su etena eskatu.

Guterres, NBEren bilera batean. Artxiboko argazkia: EFE
Guterres, NBEren bilera batean.
Guterres, NBEren bilera batean. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Gobernuak persona non grata izendatu du Antonio Guterres NBEren idazkari nagusia eta herrialdean sartzea debekatu dio. Argudiatu duenez, buruzagi portugaldarrak ez zuen Iranen erasoa "ezbairik gabe" gaitzetsi, eta horrenbestez, "ez du merezi Israelgo lurra zapaltzea". 

Israel Katz Atzerri ministroak eman du erabakiaren berri, eta Guterres "Israelen kontra eta terroristen, bortxatzaileen eta hiltzaileen alde" dagoen idazkari nagusia dela azpimarratu du. "NBEren historian orbana izango da", erantsi du. 

Aurretik ere aurrez aurrekoak izan dituzte Israelek eta Guterresek, bereziki Gazan egindako oldarraldiaren kontura. Oraingo honetan, baina, harago joan da Tel Aviv eta atzo Guterresek Iranen erasoaren kontura argitaratutako adierazpena "onartezintzat" jo du. 

NBEren idazkari nagusiak ohar labur bat kaleratu zuen, Iranen erasoa hasi eta gutxira. Bertan, "Ekialde Hurbileko gatazka hedatzea" gaitzetsi zuen —"eskalatze bat beste baten ondotik", idatzi zuen, hitzez hitz—. 

"Hau gelditu beharra dago. Su etena behar dugu, zeharo", azpimarratu zuen. Oharrean, Guterresek ez zuen gatazkan nahasitako ezein herrialde aipatu. 

Katzek salatu duenez, "Guterresek ez zuen Iran aipatu, eta ez zuen Iranek egindako eraso larria ezbairik gabe gaitzetsi. Ez da gurean ongietorria. Israelek herritarrak eta duintasun nazionala defendatzen jarraituko du, Antonio Guterresekin edo hori gabe", ohartarazi du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE Eguneko albisteak Albisteak Iran Israel