Mundua -

Ekialde Hurbila

Iranek Israelen aurka inoiz egindako eraso handiena egin du, 200 misil inguru jaurtita

"Dozenaka misil balistiko jaurtita, helburuak kolpatu dira lurralde okupatuen bihotzean", esan du Irango Guardia Iraultzaileak.

Iranen erasoa, Tel Aviven.
Iranen erasoa, Tel Aviven.
Iranek misilak jaurti ditu Israelen aurka

0:44

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iranek, gutxienez, 200 misil jaurti ditu Israelen aurka. Irango Guardia Iraultzaileak adierazi duenez, erasoa Hamas eta Hezbollahko buruzagien hilketei erantzunez egin du.

"Dozenaka misil balistiko jaurtita, helburuak kolpatu dira lurralde okupatuen bihotzean", esan du Irango talde militarrak.

"Ohartarazi nahi dugu erregimen sionistak operazio honi modu militarrean erantzuten badio, kontraerasoa gogorragoa izango dela", gaineratu du.

Irango militarren beste mezu baten arabera, helburu militarrei besterik ez diete eraso, eta misilen % 90ek helburuak jo dituzte.

"Gunea defentsa-sistema aurreratuenek babesten zuten arren, jaurtiketen % 90ek arrakasta izan dute, eta erregimen sionista izututa dago Errepublika Islamikoaren inteligentzia eta nagusitasunagatik", esan du.

Guardia Iraultzaileak gaineratu duenez, operazioa "defentsarako eskubidearen arabera burutu da, eta etsaiaren edozein ergelkeriari modu suntsitzailean erantzungo zaio".

Masud Pezeshkian Irango presidenteak berretsi du ez duela Israelekin gerrarik nahi, baina "edozein mehatxuren aurka" dagoela. "Hau gure ahalmenaren zati bat besterik ez da. Ez sartu gatazkan Iranekin", gehitu du.

Alarma antiaereoak Israelgo lurralde osoan entzun dira, eta misilak ere ikusi ahal izan dira zeruan, Tel Aviv eta Jerusalem gainean; horietako batzuk, Burdinazko Kupulak suntsituta. Gainera, IRNA Irango albiste agentziak argitaratutako irudietan, misilak ikusi dira Teheran, Isfahan, Shiraz eta Tabrizen.

Daniel Hagari Israelgo bozeramaile militarrak ohartarazi du erasoak "ondorioak" izango dituela. "Defentsarako eta erasorako alerta gorenean gaude, Israelgo herritarrak babestuko ditugu. Eraso honek ondorioak izango ditu. Planak ditugu, eta aukeratzen dugun unean eta tokian ekingo diogu ", ziurtatu du.

Aldez aurretik, Israelgo Armadak ohartarazi du "eskala handiko" eraso bat aurreikusten zuela, eta dei egin die zibilei babeslekuetara joateko. Dagoeneko, bertan behera geratu da abisua.

Erasoa ofizialki ospatu dute, komunikatuen bitartez, Hamasek eta Yemengo hutiek, baita milaka herritarrek ere, Iranen eta Libanon. Misilak Gazatik ikusi ahal izan dira. Bertatik, Hamasek eskerrak eman dizkio Irani. "Iranen erantzun ohoragarri hau etsai sionistarentzako eta haren gobernu faxistarentzako mezu boteretsua da", gaineratu du talde islamistak.

Israelen aliatu nagusi AEBren erantzuna eta EBren gaitzespena

Joe Biden AEBko presidenteak misilak eraisteko agindu die bere Indar Armatuei. Kamala Harris presidenteordearekin bilduta jarraitu du, Etxe Zuriko "situation room" delakoan.

Jake Sullivan Etxe Zuriko Segurtasun aholkulariaren arabera, erasoa "eskalada nabarmena" izan da, eta ondorioak izango ditu. AEBk ziurtatu du Iranen aurkako erantzuna aliatuarekin batera erabakiko dela.

Europar Batasunak "irmotasun handienarekin" gaitzetsi du erasoa, eskualdeko segurtasunerako "mehatxu larria" baita.

"Erasoen eta errepresalien segidek gatazka kontrolaezinaren zurrunbiloa elikatu dute", esan du Peter Stano Kanpo Harremanetarako Europako Zerbitzuaren bozeramaileak.

EBk "erabat konprometituta jarraitzen du tentsioak murrizten laguntzeko eta eskualde mailako gerra arriskutsua saihesteko", eta, aldi berean, "Israelen segurtasunarekin eta Ekialde Hurbil osoaren egonkortasunarekin duen konpromisoa berresten du".

NBEren gaitzespen laburra, inor aipatu gabe

Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak "Ekialde Hurbileko gatazkaren hedapena" gaitzetsi du, "gorakada bat bestearen atzetik" datorrelako.

"Honek gelditu egin behar du. Su-etena behar dugu ", esan du, komunikatu labur batean.

Iranen erantzuna, Israelen erasoei

Iranen erasoa Israelek Libano inbaditu ostean gertatu da. Irango Guardia Iraultzaileak azaldu duenez, erasoa egin du Ismail Haniye Hamaseko buruzagiaren, Hassan Nasrallah Hezbollahko liderraren eta Abbas Nilforoushan Irango jeneralaren hilketei erantzunez.

Apirilean Iranek droneak eta misilak jaurti zituen, hildakorik utzi ez zuen eraso neurtu batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Iran Israel Ekialde Hurbila