Mundua -
KRISIA EKIALDE HURBILEAN
Libanon lurreko inbasioa hastear dagoela jakinarazi dio Israelek AEBri
Israelek artilleria bidezko bonbardaketa handia egin du Libanoko Wazzani herrian, Israelgo mugatik oso gertu, eta horrek lurreko operazioa "berehalakoa" izan daitekeenaren espekulazioak piztu ditu.
AGENTZIAK| EITB MEDIA
Libano hegoaldean Hezbollahren azpiegituraren aurka "helburu zehatzeko lurreko operazioak" egiteko asmoa duela jakinarazi dio Israelek Estatu Batuei.
"Lurreko operazioei buruzko txosten batzuk ikusi ditut. Elkarrizketa batzuk izan ditut israeldarrekin. Mugatutako operazioak direla esan digute, Hezbollahren azpiegiturari eraso egiteko, mugatik gertu ", azaldu du Matthew Miller AEBko Estatu Departamentuko bozeramaileak prentsaurreko batean.
Millerrek esan du Israeli dagokiola erasoen inguruko xehetasun gehiago ematea.
Ildo berean, The Washington Post egunkariak zabaldu duenez, Israel prestatzen ari den operazio militarraren helburua talde xiitak Israelgo iparraldeko herriei erasotzeko erabiltzen dituen kohete-jaurtigailuak suntsitzea da.
Israelgo Armadak "eremu militar itxi" izendatu ditu astelehen honetan Libanoko mugatik kilometro gutxira dauden hainbat komunitate, eta debekatu egin du bertan sartzea.
Metula, Misgav Am eta Kfar Giladi komunitateak dira "eremu militar itxi" izendatu dituztenak. Metula, mugatik sei bat kilometrora, eta Misgav Am eta Kfar Giladi kibutzak, are hurbilago, ebakuatuta daude duela ia urtebetetik, Gazako gerra hasi zenetik. 60.000 lagun inguru bizi ziren eta une honetan ikastetxeak, etxeak eta etxaldeak abandonatuta daude.
Komunitate horietan, "autodefentsa" komunitarioko taldeak baino ez dira geratzen, Armadako erreserbistek osatutakoak.
Israelek artilleria bidez bonbardatu du Libanoko Wazzani herria
Arratsaldeko azken orduan jakin da Israelek, artilleria erabiliz, bonbardaketa gogor bat egin duela Libanoko Wazzani herrian, Israelgo Defentsa Indarrek "itxitako eremu militar" izendatutako eskualdetik oso gertu.
Israelek obusak jaurti ditu Marjayun barrutiko Wazzani eta Jiam eremuetan, lekukoek Libanoko L' Orient-Le Jour egunkariari adierazi diotenez.
EB, AEB eta NBE
Krisiaren aurrean, Antony Blinken AEBko Estatu idazkariak "diplomaziak jarraitzen duela bide bakarra eta onena izaten" aldakatu du. Ekialde Hurbileko gatazka konpontzeko "diplomazia dela bidea" esan du Josep Borrell Europar Batasuneko goi-ordezkariak ere, 27en premiazko bileraren ostean.
Bien bitartean, NBEk Libanon duen bake-misioak (FINUL) "bere posizioetan" jarraitzen du Israelekin muga egiten duten eremuetan, "lurreko balizko inbasioaren zain". Pentagonoak, berriz, Ekialde Hurbilean tropa gehiago zabalduko dituela iragarri du.
Libanok herrialdetik pasaporterik gabe ateratzeko baimena eman du
Bestalde, Libanoko Segurtasun zuzendari nagusiak, Elias al Bisari jeneralak, iragarri du baimena ematen dutela herrialdeko lurreko muga eta aireportu guztietatik ateratzeko, identifikazio soil batekin, pasaporterik izan gabe.
Horrela, Libanoko herritarrek herrialdetik irten ahal izango dute nortasun agiria, egoera zibileko txartela edo familia-liburua erabiliz, baita iraungitako pasaporte batekin ere, NNA Libanoko albiste-agentziaren arabera.