Mundua -
KRISIA EKIALDE HURBILEAN
Israelek Yemen bonbardatu du, eta gutxienez 24 pertsona hil ditu
Israelek "eskala handiko" erasoa abiatu du Yemenen, huthien aurka. Bonbardaketen helburua Al-Hudaida eta Ras Isa Yemengo portu garrantzitsuenak izan dira, baita bi instalazio elektriko ere.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Huthiek Tel Aviveko Ben-Gurion aireportura misil balistiko bat jaurti izana jakinarazi eta biharamunean, Israelgo Armadak "eskala handiko" operazio bat abiatu du, eta Yemengo zenbait gune estrategiko bonbardatu ditu. Gutxienez, 24 pertsona hil eta 16 zauritu dira.
Saba huthien albiste agentziak jakitera eman duenez, Al-Hudaida eta Ras Isa Yemengo portu garrantzitsuenei eraso die Israelek, baita bi instalazio elektrikori ere.
Israelgo Armadak berak ohar bat kaleratu du, operazioaren berri emateko: "Dozenaka hegazkinek huthien erregimen terroristaren gune militarrei eraso diete Yemengo Ras Isa eta Al-Hudaida eremuetan. Erasotutako azpiegituren eta portuen bidez, erregimen huthiak Irango armak garraiatzen ditu eskualdera, baita hornikuntza militarrak eta petrolioa ere. Huthiek Israelgo Estatuaren aurka egindako azken erasoei erantzuteko egin dugu erasoa".
Israelgo Armadako ordezkariek azaldu dutenez, "Israelgo herritarrei mehatxu egiten dien ororen kontra joateko asmoa dugu, dagoen distantziara dagoela". Yemen Israeldik 1.800 kilometrora dago, zehazki.
Aurretik ere egin du erasorik Israelek Yemenen. Uztailean, gutxienez sei zibil hil zituen Al-Hudaidako portuaren aurkako ekintza batean. Petrolioa biltegiratzeko 20 bat depositu eta zentral elektriko bat bonbardatu zituzten orduan.
Iazko azarotik, Israelekin lotutako itsasontziei eraso egiten diete huthiek Itsaso Gorrian, eta jaurtigaiak bota izan dituzte Israelen kontra.
Yemenen kontrako erasoak bat egin du denboran Israel Libanon egiten ari den bonbardaketekin, Gazan egiten ari den sarraskia alde batera utzi gabe.