Mundua -
EKIALDE HURBILA
Nabil Qaouk Hezbollahko buruzagia hil du Israelek Beiruten egindako beste bonbardaketa batean
Ali Karaki Hezbollahko komandante historikoa ere Hassan Nasrallahren kontrako operazioan hil zutela jakinarazi du gaur talde xiitak. Milioi bat pertsonak utzi behar izan dute euren etxea Israel Libanon egiten ari den erasoen ondorioz.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Israelgo Armadak Nabil Qaouk Hezbollah erakunde xiitako Segurtasun Prebentiboko komandantea hil duela jakinarazi du igande honetan, atzo Beirut hegoaldean, Dahieh auzoan, egindako bonbardaketa batean. Hezbollahk berak ere baieztatu du haren heriotza.
Bonbardaketa hori Hassan Nasrallah hil zuen bonbardaketaren biharamunean egin du Israelek.
"Qaouk Hezbollah erakunde terroristaren buruzagitzatik gertu zegoela uste dugu", adierazi du Israelgo Armadak goizean zabaldutako komunikatu batean. Qaouk 1980an batu zen Hezbollahra, eta Libano hegoaldean diputatu izatera iritsi zen erakundearen izenean. Iturri horien arabera, ohikoa zen Qauok komunikabideetan agertzea, talde xiitaren ordezkari gisa.
Israel Hezbollahren kontra ari delakoan Libanon egiten ari den erasoaldian mila lagunetik gora hil dira jada, bai herrialdearen hegoaldean, bai Bekaa haranean, baita Beirut hiriburuan ere.
Hassan Nasrallahren hilketaren ostean egindako lehen adierazpen publikoan, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak esan zuen "lorpen handia" izan dela baina oraindik ere "lana" dagoela egiteko eta "datozen egunetan erronka garrantzitsuak" izango dituztela.
Hezbollah talde xiitak, bestalde, beste galera garrantzitsu baten berri eman du igande honetan. Hala, Beirut hegoaldeko Dahieh auzoan Hassan Nasrallah hil zuen erasoan Ali Karaki komandante historikoa ere hil zela iragarri du.
Hezbollahk zabaldutako oharraren arabera, Karaki taldeko operazioen burua zen Libano hegoaldean 1982tik. Hori dela eta, paper "historikoa" izan zuen Israelek eskualde hori 2000. urtean inbaditu zuenean, baita aldeek 2006ko udan egindako gerran ere. Era berean, urriaren 8an, Gazako gerra piztu eta hurrengo egunean, hasi ziren mugako borroketan, zuzendari izan zen.
Israelgo Armadak azaldu duenez, Hezbollahko 20 kide baino gehiago "desagerrarazi" zituen ostiraleko operazioan.
Milioi bat desplazatu Libanon azken egunotan, Israelen erasoen ondorioz
Israelek Libano hegoaldean eta ekialdean inoiz egin duen erasoaldirik bortitzenaren ondorioz, milioi bat pertsonak alde egin behar izan dute etxetik, Libanoko lehen ministro Najib Mikatiren esanetan.
"Libanon, historian izan den desplazamendu operazio handiena izan da", adierazi du agintariak prentsaurreko batean.
"Desplazamenduen kudeaketa ez da soilik pertsona horiei aterpea eta janaria aurkitzea, beste gauza batzuk ere badaude, harrera zentro horietan osasun zerbitzua bermatzea, adibidez, gaixotasunak zabaltzea ekiditeko, eta zabor pilaketen arazoa saihestea ere bai", azaldu du Mikatik.
Libanok 6 milioi biztanle baino gutxiago ditu, eta ehunka aterpetxe ireki behar izan ditu Gobernuak desplazatuentzat, astelehenean Israel Hezbollah talde xiitaren gune nagusiak bonbardatzen hasi zenetik.