Mundua -

EKIALDE HURBILA

Nasrallahren hilketak muturrera eraman du tentsioa Ekialde Hurbilean

Mendekua agindu du Iranek, eta Israelen aurka ekiteko deia egin die musulman guztiei. Israelek, bere aldetik, berretsi du Hezbollahri erasotzen jarraituko duela, miliziaren baliabideak erabat deuseztatu arte.

Israelek Beiruten egindako bonbardaketa. Argazkia: EFE
Israelek Beiruten egindako bonbardaketa. Argazkia: EFE
Israelek Beiruten egindako bonbardaketa. Argazkia: EFE

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hassan Nasrallah Hezbollahko buru nagusiaren hilketak muturrera eraman du tentsioa Ekialde Hurbilean. Izan ere, mendekua agindu du Iranek, eta Israelen aurka ekiteko deia egin die musulman guztiei. Israelek, berriz, Hezbollahri erasotzen jarraituko duela berretsi du, miliziaren baliabideak erabat deuseztatu arte.

Manifestazio jendetsuak egin dituzte 30 urte luzez Hezbollahren buru nagusia izan dena gogoratzeko. Karisma handia zuen Nasrallahk, eta Libanon ez ezik, besteak beste Iranen, Sirian, Iraken eta Yemenen ere ezarri dute dolu ofiziala. Ali Khamenei Irango buruak mendekua agindu du, eta Israelen kontra bat egiteko eskatu die herrialde arabiarrei, "erregimen sionista-terrorista" horren aurka.

Gainera, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren urgentziazko bilera eskatu du Teheranek, "eskualdea erabateko gerrara" eramatea galarazteko. Hain zuzen ere, Irango Guardia Iraultzaileko buruetako baten heriotzaren berri eman du Iranek, Abbas Nilforushanena hain zuzen ere.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, bere aldetik, Hezbollahren aurkako erasoei eusteko asmoa berretsi du.

Lorpen handiak bereganatu dituztela baina lana ez dutela bukatu esan du Netanyahuk. Bide horretan, AEBren babesa izan du, beste behin, Israelek. Joe Biden presidenteak eta Anthony Blinken Estatu idazkariak irtenbide diplomatikoa eskatu dute, baina Nasrallahren hilketa "justiziazko ekintza" izan dela adierazi dute.

Bien bitartean, Israelek Gazan eta Libanon erasoak egiten segitzen du. Azken orduotan, 33 pertsona hil eta ehundik gora zauritu dituzte Libanoko hainbat eremutan egindako erasoetan. Milatik gora dira astebetean hildakoak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Iran Israel Ekialde Hurbila Libano Benjamin Netanyahu