Mundua -
Eliza Katolikoa
Opuseko lau erlijioso auzipetu ditu Argentinak, emakumeen salerosketagatik eta adingabeen lan-esplotazioagatik
44 emakumek sinatutako salaketaren arabera, ikasteko aukera izango zutela aginduta, gezurren bitartez eraman zituzten 12 eta 16 urte bitarteko neskatoak, eta ordaindu gabe eta inolako lan eskubiderik gabe etxeko lanak egitera behartu Opuseko gizonezkoentzat.
EITB
Argentinako Justiziak formalki salatu ditu Opus Deiko lau erlijioso, emakumeen salerosketa eta lan-esplotazioa leporatuta. Salaketa 44 emakumek jarri zuten, duela bi urte, eta salatu zutenez, adingabeak zirenean atzeman zituen Opusek, eta beren egoitzetan ia-ia esklabo gisa lanean jardutera behartu, ordenako gizonentzat.
Duela bi urte aurkeztutako salaketan, Opus Deiri leporatzen zitzaion haurrak eta nerabeak erakartzen zituela, betiere auzo pobreetan. Ikasteko aukera izango zutela aginduta, gezurren bitartez eramaten zituzten 12 eta 16 urte bitarteko neskatoak, eta ordaindu gabe eta inolako lan eskubiderik gabe etxeko lanak egitera behartu. Ez omen zuten inoiz hezkuntzarik jaso, ezta soldatarik ere trukean.
Fiskaltzak lau pertsona inputatu ditu: apaiz bat eta hiru bikario ohi. 44 salatzaileetatik 40 kasutik kanpo geratu ziren, 2008an Salerosketaren Legea indarrean sartu baino lehen atera zirelako erakundetik. Lege horren barruan kokatzen da prozesua. Nolanahi ere, biktimek Opus Deik barkamena eska dezala eskatzen dute.
Argentinako Justiziaren inputazioek beste herrialde batzuetan antzeko prozesuak irekitzea ekar dezakete.