Mundua -

Ekialde Hurbila

Netanyahuk su eten eskaerak baztertu ditu eta Armadari Libano "indar guztiekin" erasotzeko eskatu dio

Israelgo lehen ministroaren bulegoak zehaztu duenez, Netanyahuk ez die erantzun ere egin Frantziari eta AEBri. Bi herrialdeek 21 eguneko menia ezartzeko galdegin diote gatazka are gehiago gaiztotu ez dadin.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa bere emaztearekin, New Yorkera bidean. Argazkia: EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa bere emaztearekin, New Yorkera bidean. Argazkia: EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa bere emaztearekin, New Yorkera bidean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, lehengo lepotik burua. Frantziak eta AEBk egindako su eten eskaerei entzungor, Israelgo Armadari Libano "indar guztiekin" erasotzen jarraitzeko galdegin dio.

"Menia bat gertu dagoela dioten albisteak ez dira egia. Frantziak eta AEBk egindako proposamena baino ez da, eta lehen ministroak ez die erantzun ere egin", jakinarazi du Netanyahuren bulegoak, X sarean.  

"Lehen ministroak jarraibideak eman dizkio Israelgo Defentsa Indarrari Libano erasotzeko, indar guztiekin eta aurretik zehaztutako planei jarraiki", adierazi du Tel Avivek. Halaber, Gazan ere erasoaldiekin jarraituko dutela berretsi du Israelgo Gobernuak, "harik eta gerra helburu guztiak lortu arte".  

Bart erasoaldiak egin ditu berriro Libanoko hegoalde eta ekialdean. Herrialde horretako Osasun Publiko Ministerioaren arabera, bederatzi pertsona hil dira bonbardaketa horietan. Atzokoen balantzeak kopuru potoloagoa utzi zuen: 81 hildako eta ehunka zauritu. 

Gainera, Herzi Halevi Israelgo Defentsarako Indarren buruzagiak baieztatu duenez, Armada Libanon lurreko erasoaldi bat egiteko prestatzen hasi da

Aurrez, Frantziako eta AEBko gobernuek 21 eguneko aldi baterako su etena eskatua zuten Ekialde Hurbileko gatazka are gehiago tenkatu ez dadin. Menia "berehala" indarrean sar dadin, "akordio diplomatikoa" erdiesteko dei egin dute. Europar Batasunak (EB) eta hainbat herrialdek, tartean hainbat arabiar, bat egin dute eskaerarekin.  

"Segurtasuna bermatzeko eta zibilei etxera itzultzeko modua emango dien akordio bat lortzeko unea heldu da. Urriaren 7tik eta batez ere azken bi asteotan izan diren erasoaldien ondorioz, arrisku handia dago gatazka are gehiago zabaltzeko eta zibilei kalte gehiago egiteko", dio Frantziak eta AEBk elkarrekin kaleratu duten oharrak. 

Bi herrialdeek nabarmendu dutenez, azken egunotan hartu-emanak izan dituzte beste gobernu batzuekin, eta, hala, herrialde gehiago batu zaizkie eskaerari. Tartean dira Australia, Kanada, Alemania, Italia, Japonia, Saudi Arabia, Emirerri Batuak, Erresuma Batua eta Qatar. "Israelgo eta Libanoko gobernuei berehala bat egiteko deia egiten diegu", diote oharrean.

Ondoren, herralde horiek guztiek beste adierazpen bat kaleratu dute. Horien arabera, "Libano eta Israelen arteko egoera jasangaitza da urriaren 8tik, eta arrisku handia eta onartezina dago eskalada zabalago baterako; gatazka larriagotzeak ez dio inori mesede egingo, ez Israelgo herrari ezta Libanokoari ere". 

Herrialdeotako buruzagiak New Yorken (AEB) dira egunotan NBEren Batzar Orokorra dela eta. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Israel Ekialde Hurbila Libano