Mundua -

EKIALDE HURBILA

Israelek urritik bosgarren aldiz erasoaldia egin du Beiruten, eta gutxienez sei pertsona hil ditu

Israelgo Armadak ziurtatu du bonbardaketa horretan Hezbollhako komandante bat hil duela. Armadako buruak esan du ez diotela atsedenik emango Hezbollahri, eta gaur bertan Libanon "ofentsiba areagotu" egingo dutela ohartarazi du. Azken datuen arabera, 550 pertsona baino gehiago hil dituzte Libanon.

Kalteak eraikin batean, Israelek Beiruten aurka egindako bonbardaketaren ondorioz. Argazka: EFE
Kalteak eraikin batean, Israelek Beiruten aurka egindako bonbardaketaren ondorioz. Argazka: EFE
Hezbollahren misilen unitateko burua Beiruten hil duela ziurtatu du Israelek

0:40

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelek beste erasoaldi bat egin du gaur Beiruten, Libanoko hiriburuan, eta, airetik egindako "bonbardaketa selektibo" batekin, hainbat eraikin suntsitu ditu. Ez da hiruburuari eraso egiten dioten lehendabiziko aldia; aurreko egunotan ere, Beiruteko hainbat guneren kontra egin dute, lehergaiak jaurtiz. 

Israelgo Armadak ziurtatu du eraso horretan Hezbollharen misil unitateko komandantea hil duela, eta Ibrahim Muhammad Kabisi izenarekin identifikatu du.

"Aspaldidanik eta gerran zehar, Israelen aurka egindako erasoen arduraduna izan da", azaldu dute Israelgo indarrek ohar labur batean, eta esan dute erasoan Kabisi taldeko beste komandante "nagusiez" inguratuta zegoela.

Horrela, Israelek Libanoko hiriburuari eraso dio berriro, urritik bosgarren aldiz. Bonbardaketak eraikin bat harrapatu du Ghobeiryn, Beiruteko hegoaldeko auzo pobreetan, Dahye izenez ezagutzen direnetan. Libanoko agintarien arabera, gutxienez sei pertsona hil eta beste 25 zauritu dituzte bonbardaketan.

Anbulantzia bat Beiruten, Israelen erasoaren ostean. Argazkia: EFE

Azken orduotako operazioekin, Libanoko "1.500 azpiegitura terrorista" suntsitzea lortu dutela zehazten du oharrak, eta horretarako, "2.000 munizio inguru" erabili dituztela. Helburua "Hezbollah akabatzea" dela ere badio, "talde xiita herrialde osoarentzat mehatxua" delako.

Israelgo Armadako buruak, Herzi Halevik, esan du ez diotela atsedenik emango Hezbollahri, eta Libanon "ofentsiba areagotu" egingo dutela ohartarazi du. "Hezbollari ez zaio arnasarik eman behar. Erasoak areagotu egingo ditugu gaur. Egoerak etengabeko erasoa eskatzen du, fronte guztietan", azpimarratu du.

Gauzak horrela, hildakoen kopurua etengabe goraka doa Libanon. Azken datuen arabera, 550 pertsona baino gehiago hil dira, tartean 50 bat haur, Israelgo Armadaren bonbardaketen ondorioz. Zauritutakoak 1.835 dira dagoeneko.

Beiruten egindako agerraldi batean, Firas Abiad Libanoko Osasun ministroak jakinarazi du erasoak herrialdearen hegoaldean eta ekialdean izan direla, batik bat. Bi ospitale erabat txikituta geratu direla ere gaineratu du.

Hezbollahk, orain arte, dozenaka lehergai jaurti ditu Israelgo Armadaren kokalekuen kontra, baina ez du eskala handiko erasoekin erantzun. Israelgo Gobernuak ez du biktimen eta kalteen berri eman.

Joan den astean areagotu zen bi herrialdeon arteko tentsioa, Israelek Libanon hainbat komunikazio dispositibo leherrarazi baitzituen: 40 hildako eta 3.000 zauritu eragin zituzten. 

Talde xiitak Estatu sionistaren aurkako "berariazko erantzuna" agindu zuen.

"Berehalako gerra baten angustia"

Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak ohartarazi du 345.000 haur arriskuan daudela Libanon, eta "berehalako neurriak" eskatu dizkie gatazkan inplikatutako aldeei, "herritar zibilak babesteko".

"Gure amesgaiztoetan okerrena egi bihurtzen ari da. Urritik, berehalako gerra baten angustia bizi dute Libanoko haurrek", esan du ohar batean Jennifer Moorehead Save the Children erakundeak Libanon duen zuzendariak. Erantsi duenez, milaka familia libanoar "ihesean" daude, gerraren beldur.

Erakundearen arabera,  Israelgo Armadaren erasoek eragindako egoerak 1,5 milioi adin txikikori baino gehiagori eragingo die, herrialde osoko ikastetxeak itxi baitituzte aldi baterako. Eskolen eraikinetan "errefuxiatuentzako babeslekuak" egokituko dira.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila Libano