Mundua -
Ekialde Hurbila
Milaka familia Libano hegoaldetik eta ekialdetik ihes egiten ari dira, Israelen bonbardaketen ondorioz
NBEk Libanon duen bake misioak ohartarazi duenez, Israelen bonbardaketak "ez dira soilik nazioarteko zuzenbidearen urraketak, gerra krimenak ere izan daitezke". Dagoeneko erasoek milaka zibili eragin diete, eta alde egitera behartu dituzte.
Agentziak | EITB Media
Libanoko Gobernuak baieztatu du "milaka" familiek herrialdearen hegoaldeko eta ekialdeko eskualdeetatik ihes egin behar izan dutela, Israel bonbardatzen ari delako, aurrekaririk ez duen eraso kanpaina batean.
"Eraso horien ondorioz, milaka familiek alde egin dute ekintzen helburu diren eremuetatik", esan du Firas Abiad Libanoko Osasun ministroak, ebakuazioek zenbat pertsona edo eremuri eragin dieten zehaztu gabe.
Beiruteko hegoaldeko auzo pobreetatik ere ihes egiten ari dira. Dahye Hezbollah talde xiitaaren gotorlekua da, eta astelehenean bonbardaketa baten jomuga izan da berriro, beste batek 50 bat pertsona hil eta hiru egunera.
Albisteen Agentzia Nazionalaren (ANN) arabera, hegoaldeko Sidon hirirako sarbidean, herrialdeko kostaldeko autobia nagusian, auto-ilara handiak izaten ari da, hegoalderago dauden eremuetatik alde egiten ari diren ibilgailuen kopurua dela eta.
Libanoko Barne Ministerioak "hegoaldeko eskualdeetatik alde egite masibo" baten berri eman du; era berean, adierazi du halakoei aurre egiteko aterpetxe gisa ezarritako ikastetxe batzuk irekiko dituela.
Ihesaldiaren erdian, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, bideo mezu batean, Libanoko herritarrei "arrisku eremutik" urruntzea eta Israel bonbardatzen ari den herrialdearen ekialdeko eta hegoaldeko eskualdeak ebakuatzea eskatu die.
Nazio Batuen Erakundeak Libanon duen bake misioak (FINUL) ohartarazi duenez, Israelen bonbardaketak "ez dira bakarrik nazioarteko legediaren urraketak, gerra krimenak ere izan daitezke".
"Egoera arriskutsu honen larraigotze berriak ondorio suntsitzaileak eta irismen handikoak izan ditzake, ez bakarrik Lerro Urdinaren (Libanoren eta Israelen arteko muga) bi aldeetan bizi direnentzat, eskualdearentzat ere, oro har", gaineratu du bake misioak, ohar batean.