Mundua -
Ekialde Hurbila
Libanok 45era igo du Israelek Beiruten egindako bonbardaketan hildakoen kopurua, eta 68ra zaurituena
Ostiraleko bonbardaketak apartamentu-eraikin bat jo zuen Dahieh inguruan, eta bi eraikin behera erori ziren. Erasoaren helburua Ibrahim Aqil Hezbollahko kidea zen; Israelgo Armadak esan du bertan hil zela.
Agentziak | EITB Media
Libanoko Osasun Publikoko Ministerioak 45era igo du Israelek Beiruten egindako bonbardaketan hildakoen kopurua, eta 68ra zaurituena.
Osasun Publikoko Ministerioaren menpe dagoen Osasun Publikoko Larrialdietarako Operazio Zentroak Israelek Beirut hegoaldeko Dahieh auzoko eraikin baten aurka egindako erasoan hildakoen kopurua eguneratu du.
Igandean eman dituzten datuen arabera, 45 dira hildakoak, 3 haur eta 7 emakume tartean, baina orduak igaro ahala gora egin du hildakoen kopuruak, bai zaurituak hil direlako, bai hondakin artean gorpuak topatzen ari direlako oraindik. Hildakoen eta zaurituen bila jarraitzen dute.
Nayib Mikati Libanoko lehen ministroak New Yorkera, NBEren Batzar Nagusiaren urteroko bilerara, egin behar zuen bidaia bertan behera utzi duela iragarri du, Israelek egin berri dituen erasoak ikusita. "New Yorkera bidaiatzeko asmoa nuen, Nazio Batuen Batzar Nagusian jarduera diplomatikoa areagotzeko, Israelek Libanoren aurka egiten dituen erasoak eta sarraskiak geldiarazteko", adierazi du NNA Libanoko albiste-agentziak jasotako ohar ofizial batean. "Baina, Israelen erasoekin lotutako gertaerak ikusita, ez bidaiatzea erabaki dut, eta Kanpo Arazoetako Ministerioarekin kontsultatu eta koordinatu dut fase honetako premiazko atzerriko jarduera diplomatikoa", gaineratu du.
Izu beteko ostirala, Beiruten
Israelgo Armadak Libanoko hiriburuaren aurkako "bonbardaketa selektiboa" egin zuen ostiralean, eta horrek Ekialde Hurbileko gatazka areagotzeko arriskua handitu du.
NNA Libanoko albiste-agentziak zabaldutako informazioaren arabera, bonbardaketak apartamentu-eraikin bat jo zuen Dahieh inguruan. Beirut hegoaldean, xiitak dira gehiengo, eta Hezbollahren eragina handia da.
Defentsa Zibileko eta Libanoko Gurutze Gorriko anbulantzietan eraman zituzten zaurituak inguru horretatik, adineko pertsona ugari tartean.
Bestalde, Libanoko Defentsa Zibileko taldeak behera erori ziren bi eraikinetako hondakinen artean pertsonen bila aritu dira, erakunde horrek X sare sozialean azaldu duenez.
Defentsa Ministerioko iturriek Israelgo hedabideei baieztatu dietenez, erasoaren helburua Ibrahim Aqil zen, eta hil egin dute. Aqil (Tahsin ezizenaz ezagunagoa) Jihadeko Kontseiluko kidea zen, Hezbollahren talde militar nagusiko kidea, eta Jihad Islamikoaren kide izan zen. Talde horrek bere gain hartu zuen 1983an AEBk Beiruten zuen enbaxadaren aurkako erasoa.
"Gure helburuak argiak dira, eta gure ekintzek berez hitz egiten dute", esan du eraso horren ostean Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, Israelgo Armadak Aqilen heriotza baieztatu eta gutxira.
Israelek jomugan du Libano
Uztailaren 30ean, Israelek erasoa egin zuen Beiruten, Fuad Sukur Hezbollahko komandantea hiltzeko (Iranen aholkulari bat eta bost zibil ere hil zituzten, bi haur tartean), Irango hiriburuan Ismail Haniye Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduko buruzagi politikoa hil baino egun bat lehenago.
Bonbardaketa, gainera, inguruan tentsioak gorakada handia izan duenean iritsi da, komunikazio dispositiboen leherketa koordinatua izan ondoren irailaren 17an eta 18an. Eraso horiek ere Israelek egin omen ditu, eta 40 hildako eta 3.000 zauritu utzi dituzte, Libanoko agintariek egindako azken balantzearen arabera.
Israelen azken erasoaren ondoren, Stephane Dujarric NBEko idazkari nagusiaren bozeramaileak tentsioa murrizteko eta ahalik eta moderazio handiena izateko eskatu die Ekialde Hurbileko gatazkan nahasitakoei.
"Aldeei eskatzen diegu berehala eten ditzatela erasoak eta Segurtasun Kontseiluaren 1.701 ebazpena erabat ezar dezatela. Eskualdea hondamendi baten atarian dago", ohartarazi du prentsaurrekoan. Halaber, bide diplomatikoak berriro bultzatzeko "ahalegin guztiak" egiteko deia egin du.